Abenduak 3, eta hiru ospakizun ezberdin, hirurak guztiz hunkigarri eta maitagarriak. Ahaztezinak. Ezin ahaztuzkoak diren horietakoak: Frantzisko Xabierkoa, Nafarroaren eta nafarren egun berezia, Euskararen eguna, geure eguna beraz, eta nire biloba EKIren urtebetetzea. Lau urte bete berriak. EKI ere handitzen ari zaigu, koskortzen, mutikotzen. EKIk andereño berezia dauka,Yolanda. Yolanda primerako andereñoa da, primerako pertsona, primerako profesionala. Jakin badakit nire hirugarren biloba, EKI, esku oso onetan dagoela, onenetan hain zuzen. Jatorra, bizkorra, hurbila, adeitsua. Benetako horietakoa. Nik behintzat estimu handitan daukat, handitan bai. Ba aurten Yolandak proposamen abegikorra luzatu zien bere ikasle guztien gurasoei, ama eta aitei. Abenduaren 3an zerbait berezi burutu beharra gelan. Agian interesgarria izan zitekeena gelan bertan eta sorpresaz, ustekabez, ama edo aita, edota biak gelan sartu eta euskararen inguruan zerbaitetan aritu. Alaba Enarak niri, bere aitari, EKIren aitonari gonbidapen horren berri eman, eta ni neu, aitona Joxe animatu. Eta hala joan ginen alaba Enara eta ni neu, aitona Joxe, gelarantz abiatu ginen arratsaldeko hiruretan. EKI erdi pozik, erdi harro, erdi urduri, agian erdi lotsati ama eta aitona Joxe bere gelan sartzen ikustean. Bere amak, nire alabak, Enarak, guztiz egoki ipuin polita kontatu zien krokodilo bat eta jirafa baten inguruko gorabeherak. Bata luxean plak bertikalean, bestea horizontalean. Elkarbizitza zailtxoa. Baina guztiak konpongarriak, baita beraien artekoa ere. Aitona Joxek, neuk beraz, abestu egin nuen, egin nien, ahots gardenaz, gartsuki, borondate onenaz plazaratuak arretaz zeuden nexka-mutikoei: “Ixil ixilik dago kaia barrenean ontzi txuri polit bat uraren…” Egoera hunkigarria, polita, ederra, zoriontsua. Argazkiak plastifikatuta etxean eskegita, baita EKIk ere logelatxoan. Eki, Enara, aitona Joxe. Hiru belaunaldi. Euskara. Katea ez da eten. Eskerrik asko aukera zintzo honengatik, viva zu, Yolanda.