Athleticek Real Madriden aurka San Mamesen galtzaile izatea ohitura bihurtzen ari da, zoritxarrez. Izan be, 2014-15 denporalditik zuri-gorriak ez dira merengeak menderatzeko gauza izan Katedralean. Ernesto Valverderen taldeak arazo handi bat dauka golak sartzeko orduan eta sarritan ekina eta ahalegina ez dira nahikoak izaten aurkariak menderatzeko, are gehiago Real Madrid bezalako talde indartsu baten aurka. Sentsazinoak ona dirala dinotsagu geure buruari taldea ondo lehiatzen ikusten dogulako. Era berean, baina, errealidadeak dinosku azken hamaika jardunaldietan zuri-gorriek hamar punto baino ez dabela eskuratu. Sarritan esan dogun lez, futbola oso sinplea da: gol gehien sartzen dauen taldeak eskuratzen dau garaipena eta Athleticek eraginkortasun arazo handi bat dauka aurkarien ate aurrean. Labana zorroztu behar dabe Valverderen gizonak baina antza ez dabe zorroztarririk aurkitzen. Orain arte jokatutako hamazortzi jardunaldietan, zazpitan zuri-gorriak ez dira golik sartzeko gauza izan. Edozelan be, entrenatzaileak orain arteko bidetik segidu gura dau bere taldea ondo ikusten dauelako.

Ezin esan Real Madridek San Mamesen irabazi izanak ezustean harrapau gaituenik. Domekan Katedralean gertatutakoa beste askotan ikusi dogu merengeen aurkako partiduetan. Ernesto Valverdek partidu osteko prentsaurrekoan esan eban lez, Benzema eta Kroosek sartutako golak ikusi ez dauzenak, ez eban asmauko azken emaitzea. Izan be, 0-2koak ez dau inondik eta inora erakusten zelaian gertatutakoa, Real Madrid ez zan-eta Athletic baino gehiago izan. Merengeek Unai Simonen ate aurrean agertutako eraginkortasunak erabagi eban norgehiagokea. Horrek, eta Carlo Ancelottiren taldeak defendatzeko orduan erakutsitako ezohiko sendotasunak.

Ez da erreza zehaztutea Athleticeri zelaiko azken metroetan jazotzen jakona. Valverdek berak be berba ezbardinak erabili ebazan zuri-gorrien ezintasuna definiduteko: gol aukerak gauzatzeko sena falta da edota nasaitasuna aukerarik onena aukeratzeko. Kalidade faltea be izan lei. Kontua da, zuri-gorrien lan onak ez dauela saririk jasoten zelaiaren azken zatian paseak eta erremateak okerrak diralako. Nico Williamsek bigarren zatian huts egiten dauen gol aukerea, Benzemak lehen golean euki ebana baino askoz argiagoa izan zan. Zuri-gorria, baina, ez zan baloia hiru zutoinen artera bialtzeko gauza izan eta merengeak Simonen ate barruan sartu eban. Hortxe dago aldea. Gola ordaindu egiten da. Horregaz batera, Athleticek entrenamendu saio bereziak egin behar dauz kornerrei ataraten deutsen etekina hobetzeko. Korner asko atarateak zeozer esan gura badau be, minik egin ezean ez dabe ezertarako balio.

Botilea erdi beterik ikusteko ahaleginean eta azken jardunaldietako emaitzak txarrak izan arren, Athleticek puntu bira dauka sailkapeneko seigarren postua, datorren denporaldian Europa League jokatzeko aukerea emoten dauena. Ganera, ligako hogeta bat jardunaldi dagoz aurretik. Europarako trenak ez dau urten hondino. Hori bai, emaitza krisiari amaierea emon behar jako lehenbailehen. Zuri-gorriek azterketa ederra bezain gatxa daukie eguenean Mestallan. Ez dago huts egiteko aukerarik eta ez da atxakirik onartuko. Valentzia kanporatzeak dakarren saria bikaina da: kopako finala jokatzeko atarian kokatzea.