Sestaoko Udalak 54 neurri jarriko ditu martxan alkohola, drogak, tabakoa eta bestelako mendekotasun-jokabideak, hala nola apustuak edota sare sozialak, bezalako adikzioak prebenitzeko. Neurri horiek onartu berri den Adikzioei buruzko lehen Tokiko Planaren barruan antolatuko dira.
Jokabide horiek mugatzeko, Planak funtsezkoak diren lau jarduera-eremuri ekitea aurreikusten du: eskola, familia, aisialdia eta denbora librea, eta, azkenik, komunitatea.
Planaren neurrien hartzaile izan daitezkeen herritarrak bi taldetan bana daitezke. Alde batetik, haurrak, nerabeak eta gazteak leudeke, horiek baitira, oro har, mota horretako jokabideekin harreman handiena dutenak; eta lehen esploraziojokabideen etapan egonda, portaera horiei aurrea hartzeko prebentzio-neurriak beharrezko dituztelako. Eta, bestalde, biztanleria oso dago, oro har, jardunbide txar horietan eror baitaiteke.
Plan hori idazteaz Sestaon 2020tik adikzioak prebenitzeko programa kudeatzen duen EDEX Fundazioa arduratu da. Lana iazko otsailean hasi zen, eta partaidetza-prozesu bat izan du. Bertan 52 parte-hartzaile aritu dira, udal arlo eta zerbitzuetakoak (Gazteleku, Gizartean eta Hezkuntzan Esku Hartzeko Taldea, gizarte-langileak, Berdintasun Arloa, Udaltzaingoa), Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza eta Osasun Sailetakoak, eta, azkenik, udalerriko adingabeekin eta mendekotasun-arazoak dituzten pertsonekin lan egiten duten erakundeetakoak.
Dokumentua joan den astean aurkeztu zuen Gizarte Ekintza Sailak Udalbatza Osoan, eta talde politiko guztien aldeko botoa jaso zuen.
Yosune Serapio Gizarte Ekintzako zinegotziak gogorarazi du Adikzioen Tokiko Plana onartzea zela Gizarte Ekintza arloak legegintzaldi honetarako ezarri zuen helburuetako bat. Zinegotziak azpimarratu duenez: “Lehen zati hau bete dugu eta orain lanean jarraitzea dagokigu planean jasotzen diren 54 ekintzak ezartzeko”.
Ildo horretan, aurreratu du bere sailak lizitazio bat prestatuko duela Udalari plan hori martxan jartzen lagunduko dion enpresa espezializatu bat kontratatzeko, eta, izapide hori ebazten den bitartean, lehen urratsak kontratu txiki baten bidez ematen hasiko direla.