Sestao udalerriak Klimaren eta Energia Jasangarriaren Ekintza Plana (PACES) onartu du abenduko Udaltzan. Plan honen helburuak Berotegi-efektuko gasen emisioak gutxienez % 55 murriztea, klima-aldaketaren ondoriozko arriskuak murriztea eta udalerriaren eta biztanleen erresilientzia bermatzea, herritarren pobrezia energetikoari aurre egiteko neurriak hartzea, Udal-eraikinetan kontsumitutako energia elektrikoaren eta termikoaren % 32 gutxienez jatorri berriztagarriz autoproduzitzen dela ziurtatzea eta administrazio publikoaren energia-kontsumoak gutxienez % 35 murriztea.

Helburu hauek lortzeko, udalerriak datozen urteetan abian jarriko ditu 7 jarduera-ildo, 15 lan-programa eta 61 ekintza. Plan hori garatzeko, garrantzitsua izango da Udalaren inplikazioa, bai eta beste administrazio publiko batzuena ere: Bizkaiko Foru Aldundia, Energiaren Euskal Erakundea, URA, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoa, Bizkaibus, Ezkerraldeko eta Meatzaldeko Mankomunitatea eta Espainiako Gobernua.

Sestao udalerria Klimarako eta Energiarako Alkateen Itunari atxikitzearen ondorio da plan hau. Mugimendu horrek planeta osoko tokiko eta eskualdeko milaka gobernu biltzen ditu, borondatez, kutsadura-mailak murriztearen alde lan egiteko konpromisoa hartu dutenak.

Mugarri horretatik aurrera, Udalak bi urteko epea zuen hartutako helburu horiek lortzeko garatuko dituen neurriak jasotzen dituen ekintza-plan bat aurkezteko. Egitasmo horrekin batera, gainera, erreferentziazko isurien inbentarioa eta klima-aldaketaren ondoriozko arriskuen eta ahultasunen ebaluazioa ere aurkeztu behar ziren.

Azken hilabeteotan bildutako informazioaren arabera, Sestaon isurtzen diren CO2 eta berotegi-efektuko gasen % 64 industriari dagokio, eta, ondoren, garraioari ( % 18), zerbitzuen sektoreari ( % 11), bizitegi-parkeari ( % 5), udal-zerbitzuei ( % 1) eta hondakinei ( % 1).

Fokua Udalaren zuzeneko ardurapeko isurien jatorrian jarriko bagenu, ikusiko genuke % 74 udal-eraikinek sortzen dutela, % 24 argiteria publikoak eta % 2 ibilgailuen udal-flotak.