Sestaoko Udalak 202.804 euroko aurrekontua bideratu egingo du Karmengo Ama auzuneko L, N, O eta P blokeetako edateko ura hornitzeko hodiak berritzeko. Lanak Bermeosolo enpresak egingo ditu, eta bost hilabeteko epea izango du; hau da, otsailetik ekainaren amaerara arte.
Jarduketa honen bidez, egungo zuntz-zementuzko hodien ordez burdinurtu nodularreko beste batzuk jarriko dira, guztira, ia 350 metro lineal hodi aldatuta.
Proiektuak, halaber, obra egingo den kaleen zoladura aldatzea ere jasotzen du. Izan ere, oraingo espaloietako harrizko baldosen ordez, baldosa granitikoak jarriko dira, galtzadarri zeramikoarekin eta granitozko zintarriarekin konbinatuta.
Ainhoa Basabe alkateak eta Leire Fernández Udaleko Obra zinegotziak honako hau adierazi dute: “Datozen egunetan hasiko den jarduera honekin beste urrats bat emango dugu Karmengo Amaren ur-horniduraren sistema modernizatzeko. Legegintzaldi honetan bi fase burutu ditugu K eta M blokeetan, orain hirugarren fasea jarriko dugu abian L, N, O eta P blokeetan; eta, azkenik, A eta C blokeetan eta San Diego kalean eragina izango duen azken jarduketari ekiteko proiektua idazten ari gara.”
Sestaoko Udalak 2018an onartu zuen Ura Banatzeko Bigarren Mailako Sarea Birjartzeko Plana. Bilbao-Bizkaia Ur Partzuergoarekin lankidetzan garatu zen Plan horrek, ur-horniduraren sarearen azterketa zehatza egin ondoren, zenbait gabezia antzeman eta horiek konpontzeko zenbait jarduketa-proposamen jaso zituen.
Zehazki, Sarea Birjartzeko Planak ur-hornidurako hodiak berritzeko 2027ra arte 14 jarduketa proposatu eta milioi bat eurotik gorako inbertsioa aurreikusi zuen.Planaren barruan oinarrizko irizpide batzuk ezarri ziren birjartze, birgaitze edo ordezte beharra duten azpiegitura hidraulikoak zehazteko. Hauek dira irizpide horiek:
- Lehenik eta behin, 40 urtetik gorako azpiegiturak izatea.
- Bigarrenik, modernoak izan arren, zerbitzua behar bezala eman ahal izateko akats garrantzitsuak dituzten azpiegiturak izatea.
Bi irizpide orokor horiei bestelako irizpide osagarriak erantsi behar zaizkie, egunero sarea ustiatzean ikasitakoaren ondorioz sortuak. Besteak beste, azpiegiturak behin eta berriz matxuratzea, haietan presiorik ala emaririk eza antzematea edo hondatutako materialak ala dagoeneko ur-hornidurarako erabiltzen ez diren materialak izatea.
Aurrerago adierazi dugun bezala, Berraztertze-plan horrek bi jarduera sustatu ditu orain arte Karmengo Ama auzunean. Lehenengoa K blokean gauzatu zen 2020an eta 70.000 euroko inbertsioa izan zuen; 2021eko bigarrenak, berriz, M blokeari eragin eta 66.880 euroko inbertsioa izan zuen. Orain, L, N, O eta P blokeetako proiektu berri honekin Sestaoko Udalak beste urrats bat emango du auzoa hobetzeko.