Barakaldoko Udalak martxoan hasiko ditu Orconerako pabilioi nagusia berritzeko lanak. Horretarako, Eusko Jaurlaritzak 3.143.000 euroko aurrekontua bideratuko du. Espero da lanak 2024ko lehenengo seihilekoan amaituta egotea.
Kulturako sailburuode Andoni Iturbe eta Barakaldoko alkate Amaia del Campok Lutxana-Barakaldon dagoen Orconerako instalazio ohiak bisitatu dituzte ostiral honetan, Kultur Ondoreko zuendari Mikel Aizpuruk lagunduta. Gaur egun, Euskadiko Industria Ondare Higigarriaren Orconera-Lutxana bilduma dago han bi pabilioitan banatuta, eta kultur erakunde iraunkor eta irekia izan nahi du, komunitatearen interes orokorrera bideratua, Eusko Jaurlaritzaren ardurapean. Euskadiko industriaren bilakaera erakustea du helburu, aldaketa teknologikoei eta lantegiei esker burutu den garapen ekonomikoa.
Gaur egun, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak bi pabiloi dauzka egokituta Orconeran: hegoaldeko pabiloian biltegi bisitagarria dago, eta iparraldeko pabiloia bilduma, ostera, gordailu gisa erabiltzen da. Pabilioi biak Iron Ore Campany LTD enpresaren eraikinak izan ziren bere garaian, Eta trenbideak mantentzeko lanakk egiten zituen. Hemendik aurrera, pabilioi berri bat eraikitzea da asmoa, bi espazioen arteko lotura eginez.
Andoni Iturbe eta Amaia del Campok 32 metro zabaleko lurzatia bisitatu dute, eta hor, elkarri lotuta egingo diren beste bi pabilioi eraikiko dira bertan. Barrualdea espazio irekiek osatuko dute, eta industria-ondarearen piezak erakusteko aukera desberdinak emango dituzte. Bi solairutan banatuta, erakusketarako, administraziorako, bisitarietarako eta biltegirako espazioak izango ditu.
Orconera ere bada Eusko Jaurlaritzaren Ezkerraldeko lehentasunezko jarduketa-eremuko proiektuetako bat, ZAP izenekoa.. Kulturako sailburuordeak azpimarratu du "oso garrantzitsua dela ezkerraldean horrelako proiektu bat bultzatzea. Alde horretatik, Orconerak industria-ondareari lotutako elementuen arloan erreferente izan nahi du Euskadin, baina, aldi berean, beste politika batzuekin lankidetzan aritu nahi du, eskualdearen eta lurraldearen garapen sozioekonomikoan. Planteamendu hori indartu egingo da Sestaoko Labe Garaiko jarduketen bidez edo itsasadarreko burdinazko kargategi zaharren babesaren eta balioztatzearen bidez". Era berean, Iturbek eskerrak eman dizkio Barakaldoko Udalari emandako laguntzagatik, eta eskerrak eman dizkio Lutxana auzoari harrera onagatik.
Del Campo alkateak proiektu honen garrantzia nabarmendu du, "Lutxana auzoarekin hartu genuen beste konpromiso bat betetzen dugulako". "Auzo hau oso aktiboa da, eta bizitza kultural eta sozial handia du. Horregatik nahi genuen topatzen dugun espazio hau gure iragan industrialaren erreferente izateaz gain, Lutxanako bizilagunentzat ere erreferentzia izatea. Elkartzeko eta jarduteko leku berri bat. Espazio bizia izatea nahi dugu", Del Campo ziurtatu du.
Bilduma
Gaur egun, 1.800 objektu inguruk osatzen dute Orconera-Lutxana bilduma; materialak askotarikoak dira, gehienak XX. mendekoak, eta Euskadiko ia industria-sektore guztiak daude ordezkatuta: arte grafikoak, meatzaritza-industria, energia, metalurgia, makina-erreminta, elikadura, ontzigintza... Pieza horietako asko, sektore desberdinetako adierazgarrienak, hegoaldeko pabiloian bisitatu daitezke 2022ko ekainetik. Gainerakoak Zorrotzaurreko Konsoni Lantegian egon dira duela gutxi arte, eta falta ziren piezak iparraldeko pabiloira lekualdatu dira, dagoeneko bildumaren biltegia baita.
Pabiloi honek, Bizkaiko Labe Garaietako edo Babcock & Wilcox-eko elementu ugariez gain, beste industria askotako piezak ere baditu, hala nola Patricio Echeverríaren Bellota markako hainbat tresna (segak, atxurrak eta mailuak, besteak beste); Elexpuru argitaletxearen eta Alfredo Ortega inprimategiaren hainbat pieza; idazteko makinak konpontzen zituen Isusi tailerra; Conservas Astorquiza, latak ixtekoa; eta zinema-proiektore bat.