Terrorismoaren biktimak aintzatesteko plakak jarriko ditu Barakaldok hirian. Ekimen hau Alkate Amaia del Campok eta Alkatetza zinegotzi Gorka Zubiaurrek Gogora-Memoriaren Euskal Erakundearekin batera landu dute. Alfredo Ramos Vázquezena izango da udalak bizitzeko eskubidea urratu zaienen memoria konpontzeko jarriko duen lehen plaka.

"Duela hilabeteak hasi ginen Gogorako teknikariekin lanean, Barakaldon terrorismoaren biktimen beste aintzatespen bat egiteko asmoz, oraingo honetan, ETA Militarrak, ETAk, Segurtasun Indarrek eta egile jakinik ez dutenak eraildakoena", azaldu du alkateak. Datorren urtarrilaren 23an izango da lehenengo egintza, 1980ko urtarrilaren 23an ETA Militarrak eraildako Alfredo Ramos Vázquez ostalari barakaldarra aintzatesteko.

"Udalak biktimekin zuen zorra gauzatu dugula esan dezakegu. 2014tik zetorren zorra, Alfonso García alkateak horretarako hitza eman zuenetik. Ordutik erregu modura taxutu izan du udalbatzak gaia, PPk 2016an aurkeztutakoaren ondorioz, bai eta mozio modura ere, 2020an, pandemia hasi aurretik, baina azkenean atzera egin zuen PPk, ekimena udalbatzatik erretiratuz", azaldu du Alkatetza, Gobernu Irekia, Turismoa eta Berrikuntza arloko zinegotzi Gorka Zubiaurrek. "EAJ-PNV beti egon da ekimenaren alde, biktima guztiak kontuan hartuta eta Eusko Jaurlaritzarekin lankidetzan. Oraingo honetan, beraz, bat egiten dugu konpromisoarekin eta errealitate bihurtzen, pertsonalizatutako plaka xumeak jarriz erailak izan ziren lekuetan", esan du.

Alkateak azaldu duenez, Udalak hilabeteetan aritu da Gogorarekin lanean, eta haiek jarri dira institutuak berak prestatutako zerrenda ofizialeko biktimen senideekin harremanetan. "Senideek ontzat ematen badute, udala jartzen da haiekin harremanetan, aintzatespenaren egintzako xehetasunak zorrozteko, ez baituko haien baimenik gabe jardungo", azpimarratu du Del Campok.