Foru Ogasunak 2023an iruzurraren aurka egingo du. Horretarako, Ogasuneko Zuzendaritza Nagusiak Bizkaiko Foru Ogasunaren 2023ko Iruzurraren Aurkako Planaren irizpide orokorrak onetsi ditu. Bertan, iruzurrik ez gertatzeko eta gertatzen dena antzemateko eta erregularizatzeko jarduketak ezartzen dira. Dokumentuak iruzurraren aurka egingo dituen jarduketetan zergadun guztiak hartuko dira kontuan; elkarrekin estu lotutako hiru ildo egongo dira: informazioa eskuratzea, prebentzioa, eta erregularizazioa eta kobrantza.
Prebentzioari dagokionez, urtero bezala aurten ere zergadunei laguntza eskainiko zaie beren zerga-betebeharrak betetzeko. 2023ko berrikuntza nagusia honako hau izanen da: Batuz sisteman sartutako pertsonen PFEZen aitorpen-zirriborroak egiteko eragiketa ekonomikoen erregistro-liburuan (EEEL) ezarritako idatzoharrak erabiliko dira lehenengoz. 2022. urtean jarduera ekonomikoren bat egiten duten 12.698 pertsona eta entitate sartu dira beren borondatez BATUZ sisteman, eta 135 milioi idatzohar baino gehiago egin dituzte EEELn Bizkaiko Foru Aldundiaren egoitza elektronikoaren bidez.
Informazioa lortzeko jarduketak.
Jarduketa hauen helburua da zerga-ondorioak dituen informazioa eskuratzea eta aztertzea. Beraz, jarduketa hauen bitartez Ogasunak ez du lortuko agertaraziko iruzurren zenbatekoak jasotzea, beren xedea ez baita hori, baizik eta gertatu diren zerga-irregulartasunak detektatzeko behar den informazioa biltzea eta irregulartasun horien erregularizatzea eta kobratzea.
Hain zuzen ere, zerga-aitorpenak eta aitorpen informatiboak arakatuko dira, informazioa eskuratzeko jarduketa bereziak egingo dira, eta zerga-informazioa trukatuko da beste zerga-administrazio batzuekin. Zerga-ondorioak dituen informazioa ezinbestekoa da zerga-arriskuak detektatzeko eta egiaztatu beharreko zergapekoak ongi hautatzeko.