Barakaldoko Udala hirian bakarrik bizi diren 80 urtetik gorako adinekoen etxeetan arriskuak murrizteko ke detektagailuak jartzen hasi da. Guztira, 2.500 pertsonek jasoko dute zerbitzu berri hau. Gizarte Ekintzako zinegotzi Mikel Antizarrek horrela iragarri du.

Horrez gainera, etxe horietan gizarte-hauskortasun egoerak eta nahi gabeko bakardade egoerak antzeman nahi dira. Horrez gainera, zerbitzu-hartzaileen gizarte-beharrizanen azterketa egingo da, Gizarte Ekintza Arloak eskaintzen dituen zerbitzuak hobetze aldera. SOS Deiak-en datuen arabera, etxean gertatzen diren 10 istriputatik 8 suteak dira, eta, hain zuzen ere, mugikortasun urriko adinekoak dira era horretako egoera batean hauskorrenak, zentzumenen alterazioen karietara zeozer gertatzen ari denaz konturatzen ez direnez, kosta egiten zaielako erreakzionatzea.

Auzokoek ez dute ezer egin behar. Izan ere, Udala jarri da dagoeneko harremanetan eurekin. Ke-detektagailuak doan jarriko dira, eta ez da inolako lanik egin behar. Kea detektatzen den momentuan, sistemak abisua emango du soinu-alarma indartsu batekin.  Horrela, ez dute soilik etxekoek entzungo, baizik baita auzokoek ere. "Alarmari esker bizitzak salbatzeko denbora murriztuko da, eta etxeari suteak eragin dakizkiokeen kalteak ere bai. Horrez gainera, aparatu autonomoak dira, bateriaz dabiltzanak, eta beraz, larrialdietarako zentral txiki bat dauka etxeak, obrarik egin gabe", zehaztu du Antizarrek.

Zerbitzuaren erabiltzaileei etxebizitzaren kontserbazio egoera eta iriste-erreztasunarena (etxebizitzarakoak eta eraikinerakoa) aztertzea eskainiko zaie. Etxeko ekipamenduak (gasa, galdarak, instalazio elektrikoa, aireztapena, estufak, sukaldea) egoera okerrean egotetik erator daitezkeen arriskuak aztertu ondoren, ke-detektagailua instalatuko da.

Azkenik, adinekoaren autonomia eta narriadura kognitiboa, zentzumenena eta mugikortasunarena baloratuko dira, bai eta gizarte-isolamendua, senitartekoen eta auzokideen sostengua, eta bestelako adinekoen gizarte- eta autonomia-beharrizanak ere. "Hau da programa honen zatirik garrantzitsuena, horri esker jardun ahal izango baitugu, beharrizan- nahiz nahi gabeko bakardade-egoerak antzemanez gero", esan du Antizarrek.