Asteazken honetan, urtarrilak 11, 'Getxo Sasoi Sasoian' sarien XVI. edizioa ospatu egin da. Bertan, Xabier López-Arostegui saskibaloilariari eman diote 2022ko Getxoko Kirolari Onenaren saria. Eurobasketa irabazi zuen Espainiako selekzioko jokalari bezala denboraldi bikain bat itxi ondoren.
Irabazleak ezin izan zuen galara joan konpromiso profesionalengatik, eta grabatutako bideo baten bidez eskerrak eman zizkion Udalari, emandako sariagatik “eta udalerriko kirolari guztiei ikusgarritasuna emateagatik. Harro nago nire haurtzaroan Getxoko Saskibaloi Klubarentzat urte batzuk jokatu ahal izan ditudalako eta orain txikienen erreferente izan ahal naizelako. Harrotasun handi horrek lanean jarraitzera eta helburu hobeak lortzera bultzatzen nau”.
Udalerriko kirol klubak eta elkarteak ordezkatuz 300 pertsona inguru bildu zituen galan, Amaia Agirre Getxoko alkateak gogorarazi zuen “kirol praktikaren azpian dauden balioak bizitzako benetako eskola direla: eguneroko esfortzua, ilusioa, auto-exigentzia eta etengabe hobetzeko saiakera, motibazioa eta zorigaiztoak gainditzea lehiaketa kirola praktikatzen duzuenoi definitzen zaituzteten balioak dira. Eta gizarte bezala aurrez aurre dauzkagun erronkei modu kolektiboan aurre egiteko orduan kirolaz haratago hedatu beharreko balioak dira. Horregatik miresten zaituztegu eta zuen jokabidea eskertzen dizuegu”.
Getxo Kirolak-eko pertsonal teknikoak, kazetariek eta kirol esparru getxotarreko pertsona adituek osatutako epaimahaiak banakako tituluak eman zizkien, emakumezkoen senior kategorian, Raspas del Embarcadero Arraun Elkarteko Virginia Díaz arraunlari olinpikoari; promesa kategorian, Getxo Igeriketa Bolue Kirol Elkarteko Irene Pera igerilariari, zeinek Espainiako Haurren Kategorian 4 domina lortu zituen; eta Raspas del Embarcadero Arraun Elkarteko Aitor Blanco arraunlariari, gazteen skiff modalitateko brontzezko domina lortu baitzuen aulki mugikorraren 2022 Espainiako Txapelketan.
Taldekako bereizgarri gorenak emakumezkoen Bizkerrerentzat izan ziren Ligako bere tituluagatik eta RFEF-ko 2. mailara igotzeagatik; eta gizonezkoen kategorian, Raspas del Embarcadero Arraun Elkartearentzat, bere brontzezko dominagatik 4x modalitateko Espainiako Txapelketan. Junior kategoriako taldeen sariei dagokienez, sarituak hauek izan dira: Getxo Igeriketa Bolue Kirol Elkarteko emakumezkoen taldea, 1. Mailako Espainiako Kluben Kopan 8. sailkatzeagatik (mailari eutsiz), eta José Luis de Ugarte Bela Eskolako gizon taldea, J-80 Munduko Txapelketako bere garaipenagatik.
Edizio honetako garaipen-zerrenda sari bereziekin osatu zen: ‘Marka Hautsiz’ saria Getxo Kayaka klubeko Dragon Boat itsasontziari eman zitzaion; ‘Kiroltasuna’ saria Arenas Klubeko Franqui Egusquiaguirre presidente ohiari; Getxo Irristan klubak ‘Getxo Berrituz’ aintzatespena jaso zuen; Giroa enpresak ‘Getxo Zabala’ saria; Real Club Marítimo del Abra-Real Sporting ClubAbra elkarteak ‘Berdintasuna Indartuz’ saria, hirugarren aldiz jarraian Internacional Women´s Sailing Cup txapelketa antolatzeagatik; eta Jorge Barriek ‘Aitzindariak’ saria jaso zuen futboleko atezain bezala eta jarraian tenis eta padel jokalari bezala garatutako bere ibilbide zabal eta arrakastatsuagatik.