Azken enplegu-plana aprobetxatuz, Sestaoko Udalak herritarrei arreta emateko eta eten digitala murrizteko zerbitzu berri bat sortu du. Programa honen bidez, bi administrarik BakQ txartela eskuratzen lagunduko diete herritarrei.

Digitalizazioak gero eta indar handiagoa du herritarren eta administrazio publikoen arteko harremanetan. Hori dela eta, etorkizunari begira, Sestaoko Udalak baliabide hau jarri du martxan herritarrei ziurtagiri birtual hori ateratzen laguntzeko.

BakQ identifikazio eta sinadura elektronikorako bitarteko bat da, Nortasun Agiri Nazionala edo Bizileku Baimena duten 16 urtetik gorako pertsonei zuzendua.

Tresna birtualak aukera ematen du euskal administrazio publikoen zerbitzuei buruzko kontsultak eta izapideak online egiteko, baita Eusko Jaurlaritzarekin, Bizkaiko Foru Aldundiarekin eta autonomia-erkidegoko udalekin izapide elektronikoak egiteko ere.

Era berean, enplegu-programa honen bidez, aholkularitza eskainiko zaioadministrazio publikoarekin izapideak telematikoki egiteko zailtasunak izan litzakeen Sestaoko edozein herritar edo erakunderi.

Zerbitzu hori sei hilabetez egongo da aktibo; eta horretaz baliatzeko, aski da udaletxeko edo Castaños eraikineko beheko solairura goizez hurbiltzea.

Martxan da Ostiral Kulturalak programa

Bestalde, Eduardo Abad Sestaoko Udaleko Kultura zinegotziak, 2023ko Ostiral Kulturalen programazio berria aurkeztu du, Musika Eskolako Areto Nagusian arte eszenikoen 28 hitzordu biltzen dituen programa. Bertan, askotariko antzezlanak aurkituko ditugu: emakume-antzerkia, antzerki amateurra, antzerki profesionala, umorezko bakarrizketak, opera, kabareta eta musika. Aurten Sestaon arituko diren artisten artean, pantaila txikitik igaro diren aktore herrikoiak nabarmendu daitezke, hala nola Isabel Ordaz, Secun de la Rosa, Jon Plazaola, Joseba Apaolaza eta Asier Hormaza, baita Anne Etchegoyen abeslari eta konpositorea ere. “Kultur jarduera ez da gelditzen Sestaon. Gabonak amaitu berri ditugu eta ia atsedenik hartu gabe kultur programazio arruntarekin murgilduko gara, bihar bertan hasiko den Ostiral Kulturalen programazioarekin”, adierazi du Abadek.