Aste honetatik hasita eta otsailaren 3ra bitartean, ikusgai egongo da Ugao-Miraballesen 'Komikia: euskal komikia 1975etik' izeneko erakusketa. Ekimen hau herrian bertan egingo den Euskal Komikigintzari buruzko I. Jardunaldiaren barruan egingo da.
Proiektu honek orain arte euskal komikiaren azkenaldiko historiari buruz egindako ibilbiderik osoena proposatzen digu. Argitaletxeak, aldizkariak eta, batez ere, egileak uztartzen dira gure bineten munduan barrena egindako bidaia magiko honetan. Proiektu hau Bizkaiko Foru Aldundiaren herriz herriko erakusketen Ibiltari programaren parte da.
Azken berrogei urteetan euskal komikigintzak izan duen bilakaera ezagutaraztea helburu duen erakusketaz gain, Ludotekan “Zer da komiki bat?“ izeneko jarduera egin ahal izango da otsailaren 3ra arte.
Halaber, datozen asteetan tailerrak eta bisita gidatuak ere egingo dira:
- Urtarrilaren 14an: “Komiki bat egiten tailerra“ (Gaztelekua, 18:00)
- Urtarrilaren 28an, Mirabatxo Kluba: “Nola egiten da komiki bat“ (Jane Jauregia, 17:00)
- Otsailaren 3an: erakusketako bisita gidatua + familientzako tailerra Mikel Begoña eta Kike Infamerekin (Jane Jauregia, 17:30). Beharrezkoa izango da aldez aurretik izena ematea: 946 48 07 04 / kultura.ugao@ortzadar.es
Aurrerantzean ere Udalak komikia eta historia uztartuko dituen jardunaldiak edo ekimenak antolatzeko asmoa du.
“Komikia: euskal komikia 1975etik”
Lehenengo eta behin, euskal komikigintzaren historiako une nagusiak ezagutzeko asmoz sortu da erakusketa. Komikiaren mundua gizartera egokitu da etengabe aldatuz eta berrituz. Bederatzigarren artearen bilakaera hori oso lotuta dago formatuekin eta publikoaren erantzunarekin. Izan ere, oso gutxitan izan du komikiak atzean sortzaileen ametsak mantentzea ahalbidetuko zuen azpiegitura bat; sortzaileek zalantzarik gabe eutsi diote militantziari. Komikiarekiko interesa gainbeheratik urrun dago, eta "Komikia" erakusketan erakusten den bezala, binetetan irakurtzearen plazera deskubritzen edo berraurkitzen duen publiko berri batengana hurbiltzea bilatzen du.
Euskal komikia horren adibide garbia da: etorkizunari baikortasunez begiratzen dio. Alde batetik, Astiberrik nazio eta nazioarte mailan erreferentea den proiektu bat hazten jarraitzen du, euskal komikigintza munduan kokatuz. Eta bestetik, Xabiroi dago, belaunaldi berri bat Euskadin eta euskaraz komikia irakurriz haztea ahalbidetzeaz arduratzen dena.