Bizkaiko Foru Aldundiak 4.080.000 euro bideratuko ditu aurten basogintza-sektoreari laguntzeko. Dirulaguntza hauekin baso-masen kudeaketa jasangarria bermatu nahi da eta, horrela, klima-aldaketaren aurkako borrokan lagundu. Baita ere, lurralde-garapen orekatua lortu nahi da, tokiko ekonomiei eta landa-komunitateei lagunduz, batez ere baso-jardueran enplegua sortzea eta kontserbatzea sustatuz. Azkenik, basogintza-sektorearen lehiakortasuna sustatzea dute helburutzat.

Laguntza hauek bi ildo nagusitan banatzen dira: bata jabeen elkarteei, mankomunitateei, administrazio-batzordeei eta udalei zuzendutakoa, baso-pistak eraiki, hobetu eta mantentzeko, eta bestearen onuradunak lurren jabe diren pertsona fisiko eta juridikoak dira eta honako helburu hauek ditu: baso-eremuak garatzea; basoen bideragarritasuna hobetzea; baso-azalerak sortzea; eta kudeaketa jasangarriko plan teknikoak eta basoak hobetzeko proiektuak ezartzea. Lehenengo ildoak 668.000 euroko zuzkidura eta bigarrenak 3.170.000 euro.

Laguntza hauek bi ildo nagusitan egituratzen dira:

  • Lehenengoa jabeen elkarteei, mankomunitateei, administrazio-batzordeei eta udalei zuzenduta dago, baso-pistak eraiki, egokitu, hobetu eta mantentzeko. Linea horrek 668.000 euroko zuzkidura du.
  • Bigarren ildoaren onuradunak lursailen jabe diren pertsona fisikoak eta juridikoak dira, eta honako helburu hauek ditu: baso-eremuak garatzea; basoen bideragarritasuna hobetzea; baso-azalerak sortzea; eta kudeaketa jasangarriko plan teknikoak eta ingurumen-helburuei lotutako basoak hobetzeko proiektuak ezartzea, adibidez espezie aloktonoak dituzten baso-landaketen ordez baso autoktonoak landatzea edo baso autoktonoak kontserbatzea. Ildo honen barruan, halaber, suteek, hondamendi naturalek edo gaixotasun eta izurriteek eragindako kalteen prebentzioa sartzen da, baita kalte horien konponketa ere. Jarduketa hauek guztiak finantzatzeko 3.170.000 euroko zenbatekoa ezarri da.

Norgehiagoka-erregimenean ematen diren eta apirilaren 3ra arte eskatu ahal izango diren laguntza hauen helburuak Nekazaritza Politika Erkidearen Plan Estrategikoaren barruan sartzen dira. Plan horrek honako hauek jasotzen ditu bere lehentasunen artean: klima-aldaketara egokitzen eta hura arintzen laguntzea, berotegi-efektuko gasen emisioak murriztuz eta energia jasangarria sustatuz; baso-suteen aurkako borroka, prebentzio-neurri gisa baso-kudeaketa jasangarria aplikatuz; garapen iraunkorra sustatzea eta baliabide naturalen, besteak beste, ura, lurzorua eta airea, kudeaketa eraginkorra egitea, mendekotasun kimikoa murriztuz; biodibertsitatearen galera geldiarazten eta inbertitzen laguntzea; zerbitzu ekosistemikoak eta habitaten eta paisaien kontserbazioa sustatzea; eta landa-eremuetan enplegua, hazkundea, genero-berdintasuna, gizarte inklusioa eta tokiko garapena sustatzea.