Foru erakundeak konpostajea sustatzeko, zaborren gaikako bilketa areagotzeko eta berrerabiltzea eta hondakinen prebentzioa bultzatzeko udal eta mankomunitateentzako laguntzeko dirulaguntza berriak jarri ditu abian. Adierazi dutenez, 20.000 biztanletik beherako udalek 80.000 euro jasoko dituzte gehienez, eta 20.000 biztanletik gorako udalek gehienez 120.000 euro laguntzak jaso ahal izango dituzte.

Foru egoitza elektronikoaren bidez apirilaren 3ra arte eskatu ahal izango diren dirulaguntza hauekin besteak beste honako jarduketa hauek finantzatuko dira: elikagaien xahuketarekin edo plastikoen erabilerarekin lotutako sentsibilizazio-kanpainak; telekontrol- eta identifikazio-sistemak ezartzea; eraikuntza- eta eraispen-hondakinak (EEH) kudeatzeko udal-ordenantzak garatzea; edukiontzien erabileraren optimizazioa; berotegi-efektuko gasen emisioak murrizteko hobekuntza teknologikoak dituzten hondakinak biltzeko ibilgailuak erostea; hondakinak kudeatzeko eta/edo prebenitzeko tokiko planak idaztea, edo edukiontziak erostea.

Bizkaiko Foru Aldundiak bere gobernu-kontseiluan onartu du urtero lurraldean hondakinen kudeaketa eraginkorra eta iraunkorra sustatzeko abian jartzen duen laguntzen ildoa. Dirulaguntza hauek milioi bat euroz hornituta daude eta udal eta mankomunitateei zuzentzen zaizkie, foru erakundeak ezarritako helburu orokorretan toki mailan aurrera egitea ahalbidetuko duten hainbat jarduketa gara ditzaten, Europar Batasunak ezarritako hierarkiarekin bat hondakinetan dauden baliabideak aprobetxatzeko. Azken batean tokiko erakunde horiek motibatu eta lagundu nahi dira, konpostajea sustatzeko, zaborren gaikako bilketa areagotzeko eta hondakinen berrerabilera eta prebentzioa sustatzeko.

Udalek eta mankomunitateek eskuratu ahal izango duten zenbatekoa garatu beharreko ekintzaren kostuaren % 100era irits daiteke baina, hori gorabehera, toki erakundeek 80.000 euroko gehieneko zenbatekoa jaso ahal izango dute 20.000 biztanletik beherako udalerrien kasuan eta 120.000 eurokoa 20.000 biztanletik gorako udalerrien kasuan.

Laguntzak norgehiagoka-erregimenean emango dira eta apirilaren 3ra arte eskatu ahal izango dira