Bizkaiko Foru Aldundiak 360.000 euro esleituko ditu sei bizikleta-aparkaleku seguru jartzeko Barakaldon. Garraioak eta Mugikortasun Jasangarria Sustatzeko diputatuak, Miguel Ángel Gómez Viarek, eta Barakaldoko alkateak, Amaia del Campok, sinatu dute Barakaldon, industria-herritik igarotzen den bidegorriaren ondoan, BiziPark bat jartzeko hitzarmena.

Ekipamendu osoa jarri eta egokitzeko foru-sailak emango duen zuzeneko dirulaguntza 60.000 eurokoa izango da; hain zuzen ere, gainerako bost ekipamenduak jartzeko emango duen kopuru bera.

Udalek aparkaleku horiek atontzeko eta hornitzeko lanak egingo dituzte, eta gero, hitzarmenaren indarraldian (lau urte), horiek kudeatu eta mantentzeko ardura edukiko dute.

Hauek dira, Barakaldoz gain, dirulaguntza horiek jasoko dituzten udalak: Gueñes, Derio, Zalla, Abadiño eta Bermeo.

Aparkaleku guztiak era berekoak izango dira, udalerri guztietan modu bertsuan erabili ahal izateko.

Aparkalekuak non egin erabakitzeko, kontuan hartu da zentraltasuna, eta horrez gainera bidegorrietatik eta garraio-mota publikoetatik hurbil egotea ere bai (tren-geltokia, Bizkaibus geralekua), intermodalitatea eta mugikortasun aktiboa bultzatzeko asmoarekin.

"Esperientziak esaten digu helburu horietan aurrera egiteko modu ona dela tokiko erakundeak laguntzea bizikletaren erabilera sustatzen duten eta beste garraio publiko batzuekin intermodalitatea errazten duten mota horretako ekipamenduak eraiki ditzaten, ibilgailu pribatua alde batera utzita", adierazi du Gómez Viar diputatuak.