Fresatutako materialak berriz erabiltzea onuragarria da ekonomiaren aldetik zein ingurumenerako, horregatik, Bizkaiko Foru Aldundiak bost errepide-tartetan nahaste epelez sendotuko du zoladura. Honela, ekonomia zirkularra sustatzen jarraituko da, izan ere, erabiliko den nahaste horretan fresaketaren ondoren birziklatutako materialaren % 80 berrerabil daiteke.

Lehenengoz BI-3631 errepideko Gueñes eta Sopuerta arteko 12,8 kilometroko tarte batean aplikatuko da. Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako Sailak BI-3631 errepideko Gueñes eta Sopuerta arteko tarte batean egingo du errepideen zoladurak agregakinez egindako nahaste epelez sendotzeko egiteko asmoa duen bost jarduketetako lehena. "Ekimen hau Bizkaiko Bide Azpiegiturak Berritzeko 2020-2023 Planaren barruan dago. Plan horren arabera, Europaren gidalerroak aintzat hartuz, teknika berriak erabiliko dira ekonomia zirkularra sustatzeko eta errepideak mantentzeko lanak jasangarriagoak eta ingurumenerako egokiagoak izateko" esan du Imanol Pradalesek.

Fresatutako materialak berriz erabiltzea onuragarria da ekonomiaren aldetik zein ingurumenerako, eta ekonomia zirkularra sustatzen duen jarduketa da. Europaren gidalerroen arabera sektore eta administrazio publiko guztiek diseinu eta politika egokiak bultzatu behar dituzte hondakin gutxiago sortzeko, birziklatutako materialak berrerabiltzeko diseinuan eta ekoizpenean, birziklatzea sustatzeko, karbono-aztarna eta aztarna ekologikoa txikitzeko, besteak beste.

Nahaste epelaren teknika EAEko zoladuren arauaren T3 eta T4 kategorietako trafikoa dagoen errepideetan aplikatu daiteke. Hain zuzen ere, planaren arabera 5 tartetan aplikatuko da, guztira 24,3 kilometro.