Abuztua izan da Artxandako funikularrak erabiltzaile gehien izan dituen hilabetea, 129.359 erabiltzailerekin, aurreko urteko abuztuan baino % 8,84 gehiago. Urte osoari dagokionez, 998.143 pertsonak erabili dute 2022an, 2019. urtean lortu zuen kopurutik hurbil. Ehunekotan gehien hazi den hilabetea maiatza izan da, 84.235 erabiltzaile izan baititu guztira, eta % 114,83ko igoera izan da 2021eko maiatzeko zifrekin alderatuta.
Nora Abete Mugikortasun eta Jasangarritasun Saileko zinegotziak gogorarazi duenez, azken urteotan erabiltzaileen kopuruaren hazkundea Artxandako funikularra birmoldatzeko prozesu garrantzitsu baten erdian gertatu da. Prozesu horretan lau proiektu partikular daude, eta diseinu-, egikaritze- edo lizitazio-fase desberdinetan daude.
Lorategi bertikal bat eraikitzea, eguzki-panelak jartzea, goiko geltokia birgaitzea eta bagoi berrien diseinuaren proiektua idaztea dira Artxandako Funikularraren historian egingo den birmoldaketarik handiena.
Une honetan Funikularraren fatxada nagusian lorategi bertikala, hirian korridore berdeak sortzeko ardatzaren barruan kokatzen dena, instalatzeko lanak gauzatzen ari dira. Horri esker, Castaños eta Matiko arteko aldea lotuta geratuko dira landaredia naturalaren bitartez, eta Castañoseko azalera berdea handituko da.
Funikularraren ordutegia hau da: lanegunetan 7:15etik 22:00etara. Jaiegunetan, 8:15etik 22:00etara, eta udako hilabeteetan (ekaina, uztaila, abuztua eta iraila), zerbitzua 23:00etara arte luzatzen da, bariku, zapatu eta jaiegunen bezperetan. Maiztasuna 15 minutukoa da, arrazoi bereziak tarteko bidaiari asko batzen direnean izan ezik. Kasu horietan, maizago ibiltzen da geltokiak jendez hustu arte.
Hiru minutu baino gehixeago behar du funikularrak 770,34 metroko bidea egiteko; segundoko 5 metroko abiadura hartzen du (orduko 18 kilometro) eta 70 pertsonentzako lekua dago bagoietan. Gainera, berrikuntzak sartzen joan dira ematen dituen zerbitzuetan, hala nola doako bisita gidatuak, bai gaztelaniaz bai euskaraz.
Artxandako Funikularrak Traveler Choice saria eskuratu zuen 2020an, TripAdvisor webgunearen erabiltzaileen aldeko iritziei jarraituz ematen den aitorpena, eta 2019an ere eman zitzaion. Webgune hori, funtsean, bidaiari eta turistentzat da, eta erreferentzia da nazioartean, urtero 150 milioi iruzkin eta balorazio jasotzen baititu, mundu osoko lau milioi entitateri buruzkoak.