Bilboko Udalak zaurgarritasun handia duten kolektiboek pairatzen duten eten digitala murriztu nahi du, horretarako, kudeaketak online egiten laguntzeko 12 puntu jarriko ditu Bilboko barruti guztietan. 8 puntu finkoak izango dira eta 4 ibiltariak, eta guztietan, arreta, orientabideak eta prestakuntza eskainiko dituzte.
Zerbitzu berri honen azken helburua da zaurgarritasun handia duten kolektibo batzuek pairatzen duten eten digitala murriztea. Horregatik, zerbitzu hau adineko pertsonei, ulermen arazoak dituztenei, maila akademiko apalekoei edo ekonomikoki behartsuak direnei zuzenduta dago, besteak beste.
Izapideak eta kudeaketak online egiteko laguntza behar duten pertsonei laguntzeko eta gidatzeko dira Laguntza Digitalerako Guneak, bai eta teknologiaren alorreko gai eta eskumenetan prestakuntza emateko ere.
Laguntza Digitalerako Guneen zerbitzu berri horren sorrera "Bilbao 2022 Plana: 21 neurri Covid-aren ondorioen aurka" izeneko planaren neurrietako bat da. Planaren helburu nagusia da uriko ekonomia, kultura eta gizarte-bizimodua suspertzea pandemiak dirauen artean.
Zehazki, zerbitzua gizarte-kohesioarekin zerikusia duten neurrien barruan sartzen da. Neurri horien bidez, COVID-19ak bereziki ukitutako pertsona guztientzat babes sozial bat sortu gura da, pertsona horiek arreta eta babes bereziak behar baitituzte.
Hala, pertsonen arreta 2022ko irailean hasi zen, proba modura, eta urte bereko abendura arte 2.081 pertsonaren 2.302 kontsultari erantzun zitzaien guztira laguntza digitaleko 10 gunetan. Eta 300 ordu baino gehiagoko prestakuntza eman zen arlo digitalean, guztiak erabiltzaileek eskatuta (autodefentsa digitala, hirugarren zerbitzuak aplikazioetatik, administrazio publikoarekiko izapideak, tresna mugikorrak, PCaren oinarrizko erabilera eta irisgarritasun digitala).
Otxarkoaga, Santutxu eta Errekalde auzoetan eta goizeko ordutegian artatu dira kontsulta gehien. Erabiltzailearen profila: 61 eta 80 urte bitarteko emakumea. Kontsulta gehienak online izapideekin lotuta egon dira (Gizarte Larrialdietarako Laguntzak, TAO, aurretiko hitzordua).
Bilboko Udalak nabarmendu duenez, “izapide eta kudeaketa digitaletan laguntzeaz gain, mundu digitalean pertsonen autonomia pertsonala eta ahalduntzea sustatu nahi izan dira”. Ildo horretan, azpimarratu duenez, “erabiltzaileen % 90ek uste du ahalegin baliagarria egin duela teknologiaren arloan ikasteko eta aurrera egiteko, eta % 53k uste du kudeaketa bere kabuz egiten ikasi duela”.
Hala, datu horiek ikusita eta aztertuta, eta erabiltzaileen onarpen eta eskaera ona ere kontuan hartuta, Udalak zerbitzuarekin jarraitzea ez ezik, 2023an beste 2 puntu zabaltzea erabaki du. Une honetan, Laguntza Digitaleko Gunea lizitazio-prozesuan dago, eta urteko lehen hiruhilekoaren amaieran berriro abiatzea espero da.