Urteko lehen hiruhilekoan zehar Bilboko Udalak errikuntzan eta teknologia berrietan oinarritutako eskaintza jarriko du gazteen eskura. Jarduerak, tailerrak eta ekitaldiak astelehenetik zapatura izango dira, Basurtun inauguratu berri duten La Perrera eraikinean.

Udalaren helburua da gazteei aisialdi hezitzailea eskaintzea eta eskaintza hori hirian ere finkatzea, gazteen esku jarriz ikerkuntza eta esperimentazio teknologikora hurbiltzeko beharrezko baliabide eta espazioak (3D inprimagailuak, laserra, chroma, Lego robotak, programatzeko softwarea, grabazio-ekipoa, proiektagailuak, erreproduzigailuak…), aukera izan dezaten alor horretako trebetasun eta gaitasunak garatzeko, beren aisialdia antzeko zaletasunak dituzten beste gazteekin partekatzen duten bitartean.

Tailerrak

  • «Zure e-sports Kluba»: tailer hibrido eta elebiduna da. La Perrerako Makergunean egingo dute presentzialki, eta linean ere bai, DISCORD plataformaren bitartez. 18-30 urte bitarteko gazteei zuzenduta dago. Parte-hartzaileek E-SPORTS talde bat sortu ahalko dute, motibazioa, ezagutza eta trebetasuna batzen dituen ekimen batean. Saio guztietan parte hartu beharko dute. Tailerrean zehar, erronkak gainditu eta misioak bete beharko dituzte. Hori egiteko, proiektuak garatu beharko dituzte, eta, hala, ikastea sustatzen duen aisialdian murgilduko dira. 
  • «3D Fashion»: moda eta teknologia uztartzen dituen tailerra. Osagarriak eta bitxiak sortuko dituzte, diseinuak pertsonalizatzeko eta 3Dan modelatzeko aukera ematen duten askotariko tresna eta tekniken bitartez. Topagune bat La Perrerako Makergunean, modaren eta teknologiaren zale diren 12-17 urte bitarteko gazteentzat.
  • «Etorkizuneko gorputzak»: 9 saio, teknologiaren eta gizadiaren arteko harremanaz hausnartzeko. Jakinmin Elkarteak jardun filosofikorako gunea eskainiko du, eta, ekimena osatzeko, eztabaidak eta tailerrak egingo dituzte, eta artea eta teknologia uztartzen dituzten gailuak sortu. Asmoa da sakontzea giza gorputzaren gaitasunak hobetu edo handitzeko teknologia erabiltzeak dituen ondorioetan. 30 urtera arteko adin nagusikoei zuzenduta dago, elebiduna izango da, eta tailer bakoitzak 5 euroko prezioa izango du.

Ekitaldia

  • «Gure Derbi» Zati bi izango ditu: batetik, FIFA txapelketa bat, 200 parte-hartzailerentzat; eta, bestetik, ShowMatch bat, eta aurretiazkoa Twitchen (kontatua, debatearekin, jokalari ohiei egindako elkarrizketekin eta abarrekin). Libreki jokatzeko gaming eremu bat ere egongo da, egun bietan.

Asteburuko jarduerak

  • «Gaming Just Dance»: dantza-jokoa, Makergunean, EGUAZTENERO, 18:00ETATIK 20:00ETARA BITARTEAN. EZ DA BEHARREZKOA AURRETIAZ IZENA EMATEA (edukiera bete arte sartuko da jendea).
  • Robotika, Legorekin: robotika-gunea, Legozko robotak eraikitzeko eta horiekin zenbait ataza egiteko. BARIKURO, 18:00ETATIK 20:00ETARA. EZ DA BEHARREZKOA AURRETIAZ IZENA EMATEA (edukiera bete arte sartuko da jendea).

Tailerretan parte hartzeko, Bilboko Udalaren webgunean izena eman behar da.