Zabalbideko ur-biltegi zaharrean erromesen aterpetxe batean bihurtzeko proiektua gaur azaldu du Bilboko Udalak. Proiekturako, hiru miloi euro inbertituko ditu, horietako 2.648.448 euro ekonomia bultzatzeko europar fondoetatik –NEXT GENERATION– dator. Zehazki, Xacobeo destinoetako turismo-jasangarritasuneko planen deialditik datoz.
Eraikuntza-proiektua definituta eta onartuta dagoenez, egun gutxi barru lizitatuko dira obrak; Juan Mari Aburto Bilboko alkateak hala iragarri du gaur goizean. Izapide hori amaitzen denean, lanek, adjudikatu ondoren, hamabost hilabete iraungo dutela aurreikusten da.
“Proiektu honek gure apustua indartzen du, hau da, urtero Galiziara joateko iparraldeko ibilbidea aukeratzen duten milaka erromesen aldeko apustua. Bilbo –gogorarazi du alkateak– geraleku garrantzitsua izan da beti gure hiriaren zaindaria den Donejakue apostoluaren izena daraman bide horretan, eta are garrantzitsuagoa izango da aterpetxe berriarekin. Azpiegitura honek balio erantsia emango dio gure hiriari, baita kalitatezko alojamendua ere, garai berrietarako egokitua. Ibilbide honek –kulturatan eta hizkuntzatan benetan aberatsa– abantaila itzelak eskaintzen ditu: itsasoa eta basoa, indiano kutsuko herriak eta hiri handiak, adibidez, Bilbo”.
BI SOLAIRU ETA HIRUROGEI LAGUNTZENTZAKO LEKUA
Eraikina Jesus Galindez etorbideko 1.an dago –Txurdinaga eta Begoña auzoen artean–. Ur-biltegi zaharra eta ekipamendu hidraulikoa dauzka, eta, ondoan, bulego-eraikin bat. Erantsitako eraikina eraitsi egingo da, eta biltegian bertan eraispen tekniko batzuk egingo dira, bertatik sarbidea egin ahal izateko.
Era berean, biltegia estalkirantz irekiko da erabat, argi zenitala duen patio zabal gisa erabili ahal izateko; eta biltegiaren beraren barruan –iparraldeko muturrean– 970 metro koadroko azalera zurezko eraikin berri bat eraikiko da.
Etorkizuneko azpiegiturak beheko, lehenengo eta bigarren solairuak izango ditu. Gainera, 500 metro karratuko lorategidun patio irekia eta teilatuan ia 1.150 metro koadroko terraza lorategidun handi bat izango ditu.
Hirurogei erromes hartu ahal izango ditu aldi berean, hogeita hamarna plazako bi gelatan.
Zehazki, beheko solairuan espazio orokorrak jarriko dira: harrera, egongela, sukaldea, jantokia eta komunak (komun egokituak ere bai).
Lehenengo solairuan 30 oheko logela bat egongo da; eta bi bainugela gune, bakoitzak 4 dutxa, 3 komun eta 4 konketa dituela.
Bigarren logela bigarren solairuan egongo da. Solairu honetan, gainera, arropa garbitzeko gela, langileentzako bi gela eta komunak egongo dira (bi bainugela gune bakoitzak 4 dutxa, 2 komun eta 4 konketa izango ditu, eta komun egokitu oso bat). Bigarren solairu hori teilatuaren mailan egongo da; bertan lorategi-terraza handi eta irisgarri bat proiektatu da.
Donejakue Bidea bizikletaz egiten duten erromesen bizikletak gordetzeko lekua izango du aterpetxe berriak, sarrerako bebarruan. Era berean, bizikletak mantentzeko eta garbitzeko espazioak eta bizikleta elektrikoak kargatzeko harguneak izango ditu.
Kode Teknikoak ezarritako segurtasun-baldintzak uneoro bermatuko dira eraikuntzan egiturazko segurtasunari, suteen aurkako babesari, ebakuazio-bideei eta irisgarritasun unibertsalari dagokienez.
Gainera, % 100 jasangarria izango den eraikin bat egitea aurreikusten da, erabiltzaileei ongizatea eta ingurumen-inpaktu positiboa eskainiko diena (urak berrerabiltzea, zuhaitzak eta barneko eta kanpoko landaredia sartzea, energia fotovoltaikoa sortzea, energia-sistemen monitorizazioa kontsumoa optimizatzeko, material birziklatu eta birziklagarriekin eraikitzea, energia-kontsumo ia nulua, etab.).