Emakumeak biltzarrak emakumeen ikusgarritasuna eta berdintasunaren aldeko borroka feminista aldarrikatuko ditu Bilboko Euskalduna biltzar-jauregian, hiru eguneko programaren bidez. Parte-hartzaileen artean, Ségolène Royal, Fawzia Koofi, Ana Peláez, Sindy Takanashi, Cecilia Castaño, Rosa María Calaf edo Izaro egongo dira.

Teresa Laespada Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko foru diputatuak prentsaurrekoan azaldu duenez, kongresuan erreferenteak izango dira, hala nola Frantziako ministro ohia eta Piotu-Charenteseko Eskualde Kontseiluko egungo presidentea dena, Ségolène Royal; Fawzia Koofi, Afganistango politikaria eta ekintzailea; Ana Peláez, Emakumearen aurkako Bazterkeria Ezabatzeko Nazio Batuen Batzordeko buruordea; Cecilia Castaño, Politika Zientzietako doktorea eta Ekonomia Aplikatuko katedraduna; Ana de Miguel, Filosofia Moraleko irakaslea; Sindy Takanashi, komunikatzailea eta dibulgatzailea; Rosa María Calaf edo Paloma del Río, kazetariak; Mabel Lozano, zinema-zuzendaria; Nuria Varela, idazlea; Ane Legarreta, orkestra-zuzendaria; Elena Arzak, sukaldaria; edo Izaro eta Christina Rosenvinge kantariak.

Emakumeak biltzarra urtarrilaren 17an inauguratuko da, arratsaldean, eta urtarrilaren 18tik 20ra egingo du bere jarduera, aipatutako Bilboko Euskalduna jauregian. Egun horietako programari eta agendari buruzko informazio guztia, baita izena emateko aukera ere, webgune honetan kontsulta daiteke : www.emakumeak.eus.

Laespada diputatuak adierazi du biltzarrak urtearen hasiera markatuko duela Bizkaian, "kolore morearekin, feminismoaren morearekin". Biltzarraren izenburua Emakumeak da. Izan ere, topaketa horretan Bizkaiko emakumeok protagonismo osoa izango dugu agenda feministari, ekonomia feministari edo askatasun afektibo-sexualari buruzko gogoeta egiteko.

Ildo horretan, zehaztu du gizarte osoari irekitako hitzordu bat dela, baita gizonei ere, baina "protagonismoa emakumeena dela", leku askotatik iritsitako emakumeekin izandako eztabaiden eta hausnarketen bidez.

"Berdintasun gehiago behar dugu, feminismo gehiago. Emakumeak Biltzarra beste urrats bat da. Emakumeok gure eskubide eta askatasunen aldeko borrokan egin dugun bidea duela zenbait mende hasi zen, eta bitartean aurrerapen asko eta atzerapauso batzuk izan dira. Ezer ez dago amaituta. Ezer ez da lortu modu ezeztaezinean" azpimarratu du.

Emakumeek erakusketa-gune bat izango dute (Bizkaiko emakumeak ardatz duen argazki-erakusketa bat aurkeztuko da), bai eta adingabeak zaintzeko gune bat eta liburu-denda bat ere.

Kongresu horren aurretik, uda baino lehenagotik, jarduera-programa oso bat egin da: zinema, antzerkia, jardunaldiak, erakusketak, kaleko artea, bertsolariak, kirola, musika edo herri-bazkariak.