Bilboko kaleak jendez beterik egon dira gaur arratsaldean hiru Errege Magoen kabalgata itxaroten. Kabalgata hasi orduko, haur guztien ilusio-aurpegiak ikus zitezkeen. Meltxor, Gaspar eta Baltasar Jesusen Bihotzetik Kale Nagusia zeharkatuz Udaletxeraino heldu dira eta bertan, balkoitik, ohiko mezua eman dute. Une horretatik aurrera, umeak Areto Arabiarrean sartu ahal izan dira, Meltxor, Gaspar eta Baltasar aurrez aurre ezagutzeko eta agurtzeko.
Gabon hauetan, 10 karrozen desfilea, bere pertsonaia magikoekin, “zirkuaren mundu zoragarrian” murgildu da. Bi ordu baino gehiagoz, musikariak, animalia eta piztia animatuak, pailazoak, magoak, akrobatak, kontorsionistak eta trapezistak izan dira Meltxor, Gaspar eta Baltasarren lagun ibilaldi osoan zehar.
Jai-giroan hauek ere hartu dute parte: Xpress Posta Errege Departamentuko karrozek Errege Magoei bidalitako gutunak ondo gordeta; zirkuko hamar zaldi argiztatuk euren zaintzaileekin; arkakusoen zirkuak, Mimi, Zaza eta Lulú bihurri eta xarmantekin; “Madagaskarreko” pertsonaia bereziek, eta globo aerostatiko handi batek. Globo horretatik inor hotz utzi ez duen hankaluze, malabarista eta kontorsionisten tripulazio osoa jaitsi da... Ekialdeko Izar Handiaren karrozari bide eman diote, Ekialdeko Maiestateak led distiren eta argiztapen robotikoaren lorratz luzearekin gidatuz.
Ohikoa denez, Meltxor harrizko gaztelu batean itzuli da; Gaspar, Asiako hareazko gaztelu batean; eta Baltasar, Afrikako egurrezko beste batean. Gozoki Fabrikak itxi du karrozen desfilea, ikuskizuna gozotuz bertan zegoen jendetzari.