Bizkaiko Caritasek antolatutako XIX. opil solidarioak milaka bizilagun bildu ditu Bilboko Plaza Berrian. Opil zatiak eta txokolatea pack birziklagarrien bidez banatu dira goizeko 10:00etatik aurrera, modu dinamikoan, jendea pilatzea saihestuz. Guztira, 3.500 opil zati banatu dituzte hainbat animazioz inguraturik.
Caritasek duen errealitateak familia askoren eta, bereziki, adin txikiko askoren egoera soziala ikusaraztea eta aldarrikatzea eskatzen du. Pobreziaren belaunaldien arteko transmisioaren aldeko borroka, gizarte-egoera ahulean dauden adin txikikoei aukerak eta baliabideak emateko ahalegina dira, oraindik ere, opilaren kausa solidario nagusia. Horregatik, opil zatiagatik 1€ ordaindu behar izan dute, dohaintza gisa.
Opil solidarioak 720 kilogramoko pisua izan du. Prestatzeko, errezeta tradizionalari jarraitu zaio, eta honako hauek beharko dira: 350 kilogramo irin, 63 kg azukre, 92 kg gurin, 110 dozena arrautza, 30 litro azahar, 33 kilogramo legami, 50 kilogramo askotariko fruta konfitatu apaintzeko eta 7 kg gatz.
Aurten ere Bizkaiko Okindegien Elkarteak egin du, ‘Lapiko Catering’ eta ‘LogiFrío Bilbao’-rekin koordinatuta, eta ‘Café Iruña Catering’-k, berriz, txokolate-errazioen banaketan lagundu du, Kaikuk (esnea) eta Baqué-k (kakaoa) horretarako emandako osagaiekin. Ekitaldia LABORAL Kutxaren babesarekin eta Engranaje Publizitatearen zabalkunde digitalerako laguntzarekin egin da. Halaber, Caritas Bizkaiako boluntarioek ere parte hartuko dute ekitaldiaren antolakuntzan.
Bilboko Opil Solidaria 2005. urtean jarri zuen martxan Caritas Bizkaiak, haurtzaroan eta gaztaroan bazterkeriaren eta pobreziaren aurka gizartea inplikatzeko. Haren helburua da, oraindik ere, hauek sortzen dituzten kausen inguruan sensibilizatzea eta adingabeen bizi-baldintzak hobetzeko proiektuei laguntzeko dirua biltzea.