Ugaitz Alegria Bilbon bizi den ondarrutarra da; oso gaztetatik mila saltsatan sartuta dagoena. Igeri egitea gustukoago badu ere, korrika bizi da batetik bestera, ogibide honetan ahal den neurrian denari lekua ematen saiatu beharra dagoela iritzita. Antzezlan askotan aritu da aktore lanetan: Cabaret Chihuahua; Yo, la peor del mundo; Su Txikian; Love & Money…, besteak beste. Azken urteotan, antzerki zuzendari ere badabil hainbat antzezlan eta kultur proiektu zuzentzen: Harrapazank talentu lehiaketa; Munduari Itzulia 80 egunetan antzezlana… Telebistan aurkezle eta aktore lanetan ere aritutakoa da: Fresko Freskue, Goenzale, Goenkale, Aitaren Etxea… Gaur egun, telebistatik at, hainbat ekitaldi zein lehiaketa aurkezten ikus genezake, eta beste hainbat proiekturi ahotsa jartzen ere aritzen da; esaterako, sortu berri den Gookapi.eus proiektuari.

Ugaitz Alegriaren kultur gomendioak

Abesti bat: Pandemia sasoian etxean milaka aldiz entzun ta ahozgora abestu nuen Skakeitan taldearen Ezpainetan odola, aurtengo oporretan kotxean behin baino gehiagotan abestu dut. Eta kotxean ahozgora abestearen kontu horrekin aspaldi abestu ez dudan bat gorora etorri zait: Moulin Rouge musikaleko El tango de Roxanne abestia. Zoragarria. Kotxean, ahozgora abestea gozamena da.

Liburu bat: Kirmen Uriberen Izurdeen aurreko bizitza, bertan datozen pasarte batzuk oso gertukoak zaizkit eta oso gustura irakurri nuen liburua dut. Oporretan oraintsu irakurri dudan Nerea Ibarzabalen Bar Gloria ere oso gomendagarria.

Antzezlan bat: Asko kontsumitzen dut eta bakarra esatea hain da zaila… Genero musikala asko gustatzen zait. Azken bat aipatzearren, aurreko astean Bilboko Arriaga antzokian ikusi nuen Los chicos del coro aipatuko nuke, hunkitu egin ninduen.

Telesail bat: Plataforma ezberdinetan eskaintzen dituzten telesailek erraz harrapatzen naute. Horien artean bat aipatzearren, Poquita Fe esango dut. Ea euskaraz ikus-entzunezko gehiago kontsumitzeko aukera daukagun, bai bertako telebistak sortutako berezko ekoizpenak zein kanpotik datozenak geurera bikoiztuz. Horrela, gure hizkuntzan gozatzeko aukera izan dezagun.

Film bat: Zinemara astero joaten naiz. Bizitzako plazer txikiak mantentzea ona da eta, lagunekin ezin badut ere, bakarrik ere sarritan joaten naiz. Zineman ikusitako film bat aipatzekotan, tentsioan mantendu ninduen pelikula gomendatuko dut: As Bestas.

Kultur espazio bat: Bilboko Zorrozaurre auzoan dagoen Arte eszenikoen gunea: Pabiloi 6.

Beste gomendio garrantzitsu bat: Antzokietan, zinemetan... Mesedez, itzali zuen telefonoak.