Patata errazio batekin dena hobeto irensten dela, hots, patatek momentu txar edo zailak agian eramangarriagoa egiten dituztela iritzita, Barrexerka an-tzerki taldeak publikoa antzokietara erakarri nahi du ondu duten umorezko emanaldi berria ikustera. Patatekin izenburua jarri diote ikuskizunari. Txantxak ezin albo batera utzita, aurreratu dute aurrekontu handiago izango balute publiko guztiak patatak izango lituzkeela. Joan den asteburuan Donostiako Gazteszenan eskainitako estreinako bi emankizunetan sarrera guztiak agortu zituzten.
2018an sortu zuten Barrexerka antzerki taldea eta ordutik gutxienez dozena erdi emanalditik gora egin dituzte urteotan. Patatekin emanaldian orain arte egin dituzten emanaldien an-tzeko egitura erabili dute, baina, inoiz baino indar handiagorekin datoz. Emanaldi bakarrean formatuak nahastea gustatzen zaie: zuzeneko antzerkia eta pantaila bidez ikusten diren esketxak uztartzen dituzte. Saturday Night Live telebista saiotik datorrela kontatu dute. “Hemen ez zegoen horrelakorik eta horretan oinarritutako zerbait dinamikoa egitea pentsatu genuen”. Hain zuzen ere, dinamismoa lortu nahi dute formula honekin, diotenez, esketxak tarte txikiagoak dira baina ikusleari deskantsua ematen dio asimilatzeko antzerkian gertatu dena eta esketxera pasatzeko. Hala ere, ikuskizunean protagonismo handiena zuzeneko antzerkiak du, istorioek lotura dute beraien artean, eta, esketx bakoitza, aldiz, independentea da.
Norbere buruaz barrez
Ikusita beraiek ere adinean aurrera doazela, eta urteen eraginez gizartea zein lagun taldeak nola aldatu diren ohartuta, gai horri heltzeko gogoa zuten. Kintoen afari bat dago emanaldiaren abiapuntuan. Hala, emanaldian zehar gauza asko pasatuko dira, baina, bereziki, ikusiko da herri bateko lagun talde bat nola bizi den, hiru etapa ezberdinetan, eta zein eragin duen aldaketa horrek jende honengan. Besteak beste, 1990. hamarkadako gazteen nerabezaroa islatuko dute eta gurasoen belaunaldiaz ere barre egin ahal izango da. Belaunaldi ezberdinak zirika-tzen arituko dira, eta belaunaldiz belaunaldi egindako tontakeriak gogoratuko dituzte. Ekain Arrieta Barrexerkako kideak aurreratu du “Patatekin” emanaldian gai sozial bat ere landuko dutela: etxebizitzarena. “Emanaldian nahiko presente dago, etxebizitzaren gaia, eta era berean nola aldatzen ari den ingurua horren eraginez”.
Modu naturalenean lantzen dituzte gaiak, beraien testuinguruari dagozkien gaiez hitz egitea ateratzen zaie sortzen dituzten emanaldietan. Beraien esperientzia propioak dituzte abiapuntutzat. Arrietak adierazi duenez, urteak aurrera joan ahala beraiek ere aldatu egin dira eta horrek eragina du emanaldietan. “Gure kezkak eta ideiak aldatzen doaz eta horien gainean eraikitzen dugu guztia”. Horregatik, Patatekin emanaldiaren ezberdintasun nagusienetako bat, umoreari dagokionean, erabilitako sentsibilitatea da: “Agian orain arte erakutsi ez duguna”. Autokritikatik, hausnarketa bat proposatzen dute. Beraien buruez barre egin dute. “Orain arte gutxiago esploratu izan ditugun sentsibilitatea eta kritika batzuk atera dira”.
Umorea egiten dute, absurdoa, muturrera eramaten den horietakoa, hau da, absurdoarekin eta errealitatearen mugekin jolasten dute sor-tzen dituzten emanaldietan. “Gure errealitateak egunerokoan zenbat umore eta momentu absurdo dituen kontziente gara, eta horretan oinarrituta modu naturalean ateratzen zaigu umorea egitea”, azaldu du Arrietak. “Gure kezketatik, umorea agin nahi izan dugu, baina kezka hor dago”. Euskal musikariak zirikatuko dituzte emanaldian zehar eta euskal zinema defini-tzearen polemikan ere murgildu dira. Bestalde, publikoak senti dezake oholtza gainean gerta-tzen ari dena berari ere gertatzea posible dena.
Lagun artean gustura
Anbiziotsuak izan dira sortzerakoan, bai esketxetan teknikoki, eta baita eduki aldetik ere. Denbora asko hartu dute pausu bakoitza mimoz emateko eta prozesua oso ederra izan dela nabarmendu du Arrietak. Taldean dezente kide dira: zortzi aktore eta hiru teknikari dituzte, orotara hamaika pertsona, baina inoiz baino talde lan handiagoa izan dela aitortu du. “Talde mailan inplikazio handia egon da guztion aldetik hasieratik: ideiak proposatzen, idazten, antzezten... eta hori egia esan plazer bat izan da. Benetan taldean sortutako obra bat da”.
Emaitzarekin pozik daudela aitortu eta publikoak ere asko gozatuko duela uste du Arrietak, hori horrela aurrerantzean ere jarraitu nahi lukete. “Baditugu ideia batzuk hamargarren urteurrenerako, eta agian zeozer berezia egingo dugu, baina oraindik ezin daiteke gauza gehiegi esan”.
Joan den astean eskainitako bi emanaldiekin estreinatu zuten Patatekin ikuskizuna. Ekainaren 4ean Astigarragan (Gipuzkoa) egingo dute hurrengoa, eta udazkenera begira data gehiago lotzen ari dira Euskal Herria zeharkatuko duen bira osatzeko. Argi dute umorearen bidez gauzak aldarrikatzen dituztela; baina, bereziki, emanaldia publikoak ondo pasatu, deskonektatu eta barre zein negar, edo biak aldi berean, egiteko dela aurreratu dute. Hala, zuzeneko umoreaz gozatzeko gonbita luzatu dute, publiko guztiarentzat gustagarria izango dena.