Egunotan, hainbeste antzezpen sozio-politiko negargarriaren artean, mendizaleok albiste harrigarri bat jaso dugu supituan, eta belarriak gorritu zaizkigu. Jimmy Chin alpinista eta argazkilari ezagunak, National Geographic-eko espedizio baten barruan, Andrew Comyn “Sandy” Irvine alpinistaren gorpuzkinak aurkitu ditu Everest mendiaren iparraldean.
1924. urtean, munduko mendirik garaienean, britainiarrak 8.848 metro haietara igotzeko ahaleginetan murgilduta zeuden. Andrew Irvine eta George Mallory saio mitikoari ekin zioten, eta ez ziren inoiz ere itzuli. Ekainaren 8an izan zen, duela 100 urte. 1999an, Malloryren gorpua aurkitu zen. Berarekin batera makina bat gauza, baina gailurreko argazkirik ez. Orain, soka kidearen zatiak topatu dituzte glaziarraren gainean sakabanaturik, eta aurkikuntza horrek mendizaletasunaren historian izan den inkognitarik handiena aska dezake. Mallory eta Irvine Everesteko gailurrera heldu ziren, edo ertzetan gora zihoazela amildu ziren betiko? Ez dakit korapiloa askatuko den, baina misterioak hor dirau.
Beste aldetik, misterio gutxi daukana da ekialdetik egunero etortzen diren irudi lazgarriak. Israel da eguneroko mamu beltza, eguneroko hiltzaile autoproklamatua, palestinarren kontrako eguneroko lintxamendua egiten duena, gure bizitzetako eguneroko esperpentoa betikotzen duena, hiltzeko pilotu automatikoa ezarrita duena.
Israel kolonia bat da, eta AEBren eta Europaren sostenguagatik segitzen du krimenak egiten. Mendebaldeko herriek iraunarazi egingo dute modu horretan bertan gertatzen ari den genozidioa.
Baina batzuetan normalizatu egiten ditugu sarraskiak, eta horiek guztiek baino askoz ere garrantzi handiagoa du pintore baten belarriaren gaineko berri friboloak. Hala pentsatu dute EITBn, non bi egunetan jarraian, (bi egunetan!!) pintore baten belarriarekin zerikusia duen musika talde baten desenkantu emozionala albiste bilakatu duten. Euskal kulturak ez ote du beste ekimen pozgarriagorik? Euskarazko arteak, literaturak eta musikak ez du lekurik behar informatiboetan?