ariolae vaccine birusak ez ditu gure belarriak Covid-19ak bezala kolpatzen. Azken honek mundua astindu du, baina oso berria da, hilabete gutxi ba-tzuk besterik ez du. Lehenbizikoak, ordea, egundoko hondamendiak eragin zituen hainbat eta hainbat mendez. Birus horrek baztanga eragiten zuen, nafarreria, eritasun kutsakor eta hilgarria. Birus hura etxeren batean sartzen zenean, erabat bakartzen zuten. Barnekoei ez zieten irteten uzten, eta kanpokoek ez zuten sartzeko inolako interesik izaten normalean.

Xenpelar bertsolariaren lehen emaztea baztangak hil zuen. Joxe Frantzisko bera ere kutsatu egin zen. Hiru alabarekin etxean bakartuta zegoela, arreba Maria Luisa -hura ere bertsolaria- joan zen haiek zaintzera. Haurdun zegoen, gainera. Xenpelar aste gutxiren buruan hil zen. Arrebak eta ilobak ere ez zuten askoz gehiago iraun. Harrigarria da hiru alabatxoak birizik irten izana. Halere, hiru hilabeteko epean baztangak 29 lagun eraman zituen Errenterian.

Herenegun, osasun-larrialdi betean, Er-tzaintzak Gasteizko bi etxetara joan behar izan zuen, konfinamendu aginduak ematera. Izan ere, bi etxe horietan koronabirusa duten zenbait pertsona bizi dira, baina ez diote jaramonik egin etxetik ez irteteko aginduari.

Maria Luisa Petriarenak, haurdun egonik, bere bizia eta barnean zuen haurrarena arriskuan jarri zituen kutsatutako anaia eta ilobak zaintzera joateagatik. Beste batzuek, kutsatuta egonik, etxetik ez irteteko aginduari muzin egiten diote. Beste bertsolari handi batek bota zuen hau:

Sutan jartzian probatutzen da

nolakua dan eltzia

Hauxe da gure eltze etiko eta sozialaren maila zer nolakoa den erakusteko garaia.