Astearte honetan museoetako, aretoetako eta kultura intereseko jardueren katalogoa aurkeztu da. Aurtengo programa anitza eta zabala da, publiko guztientzat diseinatutakoa. Jarduerak Bilbon, Gernikan, Bermon, Bakion... guztira hamabi lekuetan garatuko da. Euskara, Kultura eta Kiroleko foru diputatuak, Lorea Bilbao Ibarrak, kultura eskaintza zabalaren berri eman du Foru Aldundiko museo eta aretoetako zuzendariekin batera, eta bertan egon dira baita ere BizkaiKOA-ko zuzendari kudeatzailea den Asier Madarieta Juaristi eta Kulturako zuzendari nagusia, Begoña de Ibarra Zuazo.

Arkeologi Museoan (Bilbao), Santimamiñen (Kortezubi), Arrantzaleen Museoan (Bermeo), Euskal Herria Museoan (Gernika-Lumo), Europako Herrien Parkean (Gernika-Lumo), Euskararen Etxean (Bilbao), La Encartada fabrika-museoan (Balmaseda), Txakolin Museoa-Txakolingunean (Bakio), El Pobaleko Burdinolan (Muskiz), Muñatones Gazteluan (Muskiz), Ondare Aretoan eta Rekalde Aretoan (Bilbao) garatuko dira jarduerak.

Lorea Bilbaok adierazi duenez: "gure helburua da Bizkaiko kultura ondare aberatsa herritar guztiei hurbiltzea, gurekin bizi zaretenoi eta bisitan zatozenoi. Erakustea zein aberatsa izan daitekeen tamainan txikia, baina kulturan handia den lurralde bat. Gure areto eta museoak erakusleiho bihurtu nahi ditugu, Bizkaia erakusteko espazio, bizkaitarrei buruz hitz egiten dutenak, beraien istorioak, kondairak, gure abestiak, lanbideak, ametsak eta bizipenak kontatzen dituztenak".

Aurreko guztia jarduera programa anitz, irisgarri eta hurbileko baten bidez, guztientzat pentsatuta dagoena. Espazio bereziak dira eta objektu bakar, bitxi eta interesgarriz betetako bildumak dituzte. Jarduerak ezagutza transmititzeko pentsatuta daude.

Katalogoan, leku bakoitzeko erakusketa iraunkorrez gain, aurten egingo diren aldi baterako hogeita hamar erakusketa baino gehiagoz, ehun jarduera baino gehiagoz eta hamabost argitalpenez osatutako programazioa dago.

2023ko berritasunen artean azpimarratu behar da Rekalde Aretoak bere fatxada biratuko duela Iparragirre kalerantz, eta beste batzuen artean Eduardo Sourrouilleren, Juan Carlos Eguillorren eta Bizkaia ERTIBIL erakusketak antolatuko dituela. Ondare Aretoan hainbat erakusketaz gozatzeko aukera egongo da, besteak beste José Manuel Rozasen ibilbidea erakusten duena edo Bilboko zinema aretoetako arkitektura azaltzen duena. Euskararen Etxeak erakusketa berritua eskainiko du. Bermeoko Arrantzaleen Museoak bere 75. urteurrena ospatzeko programazio berezia eskainiko du. Gernika-Lumoko Euskal Herria Museoan erakusketa hauek egongo dira besteak beste: "Abangoardiako 10 emakume Bizkaian", "Basques in California" eta "Palindromoak: Markos Gimeno, Autore Erotua" erakusketa orijinala, Joseba Sarrionaindiak eta Esteban Montoriok sortua. Arkeologi Museoan antolatuko diren erakusketek bisitariei monumentu megalitikoen historia, Egiptora egin ziren espedizioak, Euskal Herriko indusketak eta arte garaikidea azalduko dizkiete beste batzuen artean. Bere aldetik, Santimamiñen, UNESCOk gizateriaren ondare deklaratu zuen munduko historiaurreko artearen ezinbesteko kokapenean, erakusketa bat antolatuko da eta bertan azalduko dira 1918tik aurrera egin ziren ikerketak eta bertan jaso zituzten material eta datuak erakusgai egongo dira.