Txuspo Poyo, Jaime Cuenca eta Zigor Barayazarra izango dira Ertibil Bizkaiaren edizio berrian parte hartuko duten artistak. Datorren ostegunean, urtarrilak 12, Ertibil 40k bere bigarren dinamika egingo du.

Oraingo honetan, artea eta medioa, adierazpen-kanal eta ideien euskarri gisa, aztertuko dute eta haien arteko harremanari buruz hitz egingo dute hizlariek. Saioa amaitzen denean, topaketari amaiera emateko performance bat egingo du Elena Aitzkoak.

Abenduaren 5etik Rekalde aretoan dagoen Ertibil 40. Hausnarketari, ospakizunari eta memoriari lotutako proposamen hori Bizkaiko Foru Aldundiak antolatu du, eta honako hauek osatzen dute talde kuratoriala: Juan Pablo Orduñez / MawatreS, Andrea Estankona, Ion Macareno eta Iván Gómez.

Lehenengo dinamika abenduaren 15ean, osteguna, egin zen Marion Cruzaren, Abigail Lazkozen eta Elena Mendizabalen eskutik. Lehenengo topaketan sarbidearen inguruan egin zuten lan hizlariek. Bestalde, Mendizabalek erakusketa-muntaia bat egiteko proposamena luzatu zien Arte Ederren Fakultateko ikasle batzuei, eta, horrela, aste horretan beren artelanak ikusgai jarri ahal izan zituzten Rekalde aretoan.

Ertibil Bizkaiak lau hamarkada bete dituela ospatzeko, Rekalde aretoa espazio garden bilakatuko da eta, erdian, agora bat izango da. Bertan, arte plastikoetako artistak (belaunaldi desberdinetakoak) hiru hilabetean zehar egongo dira esperientziak eta hausnarketak konpartitzen lurraldean izandako ekoizpen artistikoaren 40 urteei lotuta. Baina Workshop bat ere izango da. Foru espazioan hamar artista hasiberri egongo dira beren sormen prozesuak garatzen, eta 2023ko otsailaren 16an egingo den Workshop-aren azken egunean aurkeztuko dituzte lan horiek.

Rekalde aretoa topagunea izango da otsailera arte, eraikitzen ari den kontakizuna erakusteko espazio bizia. ERTIBIL 40an ez dira amaitutako lanak erakutsiko; aitzitik, pentsatzeko prozesuak garatzen ari den toki horretan murgiltzeko aukera emango die bisitariei.

Rekalde aretora doazenek aretoaren arkeologia ikusi ahal izango dute, azken urteetako esku-hartze artistikoen hondarrak. Espazioaren itxura proposamenaren hausnarketa artistikoetako bat da, hainbat irakurketa dituzten beste jarduketa batzuen agertoki eta euskarri gisa erabiliko dena: horma zahar bat ikus-entzunezko pieza desberdinetarako pantaila bihurtzen da hemen, harmaila batek bisitaria gonbidatzen du Ertibil proiektuaz eta Bizkaiko ekoizpen artistikoaz sakontzera, eta Ertibil Bizkaiaren lau hamarkadetako katalogoak erakusten dituzten narrazio-gailuak izango dira paretetan. Raquel Asensi, Miren Barrena Rebe, M. Benito Píriz, Luis Candaudap, Helena Goñi, Izaro Ieregi González, Dr Kortex, Arantza Lauzirika, Estela Miguel + Victoria Ascaso eta Josu Rekalderen ikus-entzunezko hausnarketak erakusten ditu foru aretoak. Testuak Luis Candaudap eta Ismael Manterolarenak dira. Datozen egunetan hainbat ekintza, proposamen eta elkarrizketa izango dira, errizomaren antzera hedatzen direnak, elkarrekin pentsatzeko esperientzia bera jardueraren erdigune bihurtuz. EHUko Arte Ederren Fakultateak Agiri kulturala ziurtagiria emango die Ertibil 40 ekintzaren inguruan antolatzen diren jardueretan parte hartzen dutenei.

Artea ezagutza-modu bat da, eta errealitatea ulertzeko ikuspegi berriak emateko gaitasuna du. ERTIBIL 40n apustu hori aldarrikatzen da eta praktika artistikoen berezko lengoaietatik abiatuta hausnartzeko baldintzak sortu nahi dituen proiektu batekin gauzatzen da: irudia, formala eta kontzeptuala, ahozko hitza eta hitz idatzia, espazio adierazgarria, sentsazioa eta emozioa, materiala eta ideala.

ERTIBIL40ek azterketa-esparru propioa sortu nahi duen programa bat proposatzen du, ez hainbeste atzera begirako ikuspegi historiko batetik, baizik eta aktibatzen den eta etorkizunera begira proiektatzen den erreferentzia gisa.

Ertibil 40 hausnarketa egiteko espazioa izango da, atzera begiratu nahi duelako puntu horretatik abiatuta berriz pentsatzeko Bizkaiko testuinguru artistikoaren garaikidetasunari buruz. Hala, dinamika batzuk proposatzen dira, azken 40 urte horiei buruz hausnartzeko, berriz aztertzeko eta hausnartzeko.

Jardueren egitaraua

(abenduaren 15a, urtarrilaren 12-19-26, otsailaren 2a, otsailaren 9a)

Hiru hilabetean zehar, ostegun batzuetan, dinamika bat aurkeztuko da Rekalde aretoan, 18:00etatik 20:00etara. Artista plastikoek parte hartuko dute, eta hausnarketa-gai bat planteatuko zaie.

Topaketa horiek hainbat formatutan egingo dira: tailerra, hitzaldia, eztabaida, aurkezpena, mahai-ingurua eta abar. Saio bakoitzarekin batera, hausnarketa bultzatuko duten beste dinamika batzuk ere izango dira, hala nola soinu entzutea, diapositiben ikustaldi bat, moda desfile bat, kontzertu bat eta performance bat.

Honako hauek izango dira dinamizatzaileak: Marion Cruza, Abigail Lazkoz, Elena Mendizabal, Oier Iruretagoiena, Txuspo Poyo, Jaime Cuenca, Zigor Barayazarra, Elena Aitzkoa, Ixone Sádaba, Miriam Isasi, Taxio Ardanaz, Irantzu Yaldebere, sraPolaroiska, Naia del Castillo, Gema Intxausti, MichelLe Lima, Irati Inoriza, Miren Arenzana, Héctor Rey consonni, Mikel Onandia, Maider López eta Pablo Marte.

Workshopa

ERTIBIL 40an prozesu artistikoen tailer bat ere egingo da bere ibilbidearen hasieran dauden eta Arte Ederretako azken urteak amaitzen edo master bat egiten diharduten artistentzat. Deialdi baten bitartez hautatu diren 10 pertsonek talde bat osatuko dute, eta aste honetan bertan ekingo diote lanari. Abenduan, urtarrilean eta otsailean, erakusketa-aretoaren espazioa tailer gisa erabiliko dute, eta, bertan, Rekalde aretorako artelan espezifiko bat garatu ahal izango dute.

Tailerra Ertibil 40rako programatutako jarduerarekin osatuko da, eta Diego Vivanco artistaren eta Sandra Amutxastegi eta Ane Rodríguez bikotearen (anemotorazing) babesa izango du. Beraz, Rekalde aretoa lana garatzeko espazioa izango da.

Laguntzeko saioak asteazkenetan egingo dira: abenduaren 14an, urtarrilaren 11n, 18an eta 25an eta otsailaren 1ean eta 8an, 18:30etik 19:30era. Guztira zazpi saio egingo dira, eta azkena otsailaren 16an izango da, 19:00etan, Rekalde aretoan hiru hilabetez egindako lan-prozesuaren emaitzen berri emateko.

Ertibil Bizkaia 40 urtean zehar

Bizkaiko Foru Aldundiak antolatutako ERTIBIL Bizkaia Ikus-arteen Erakusketak 800 artelan inguru aztertu ditu, lau hamarkada hauetan lurralde osoan azaleratzen ari diren 500 artista baino gehiagoren lanak. 1983ko lehenengo ediziotik hona, ERTIBILek beren sorkuntza-lana Bizkaian garatzen duten artista hasiberriak laguntzea eta bultzatzea du helburua. Azken urteetan, Ertibil Bizkaia hara eta hona ibiltzeko abiapuntua da Rekalde aretoa.