Abendutik, zehazki Durangoko Udaleko Euskara Teknikaria jubilatu zenetik, Euskara Teknikariaren postua betetzeko ordezkorik ez dela bilatu salatu du EH Bildu. Besteak beste, oposizioko koalizioak “planifikazio falta nabaria” eta “atzerapausoa” leporatu die udal agintariei. Testuinguru horretan, gobernu taldeak berehala erantzun du eta “euskara sustatzea lehentasunezko konpromisoa” dela azaldu du.

“Euskara Teknikariaren postua ez da ezabatzen, baizik eta egungo beharrizanei egokitzen zaion eredu berri baten barruan berregituratzen da. Herrigintzako koordinatzaile teknikariaren figura sortzeak ez du euskararen kudeaketa bigarren mailan uzten. Euskara oinarrizkoa da eta zeharkakotasunez landua izan dadin pausua eman da”, nabarmendu du Paule Sanchez, Udaleko Euskara zinegotziak.