-Iragan den ostiraletik aurrera, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak lekuz aldatu du bezeroaren arretarako Gernika-Lumoko bulegoa. “Orain arte Merkatu plazan ematen zuen arreta, eta ateak itxi eta zerbitzu guztiak eraikin modernoago eta erabat irisgarrira eramango ditu”, diotenez. Bulego berria gune industrialeko Bekoibarra kaleko 13. zenbakiko 1. solairuan ezarri dute, “tren geltokitik gertu eta merkataritza eta zerbitzu ingurunean”, nabarmendu dutenez. Arreta-ordutegiari dagokionez, “astelehenetik ostegunera 09:00etatik 14:30era eta ostiraletan 09:00etatik 14:00etara” izango delajakinarazi dute.

Espazio berriak abantailak emetan dituela azaldu dute Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoko arduradunek. “Askoz zabalagoa, erosoagoa eta funtzionalagoa izango da, eta behar dituzten izapideetarako arreta pertsonalizatua jasotzeko aukera emango die abonatuei”. Bertara hurbiltzeko kontu ohikoenak hauek izaten dira: “kontagailuen irakurketak ematea, bankuetako helbideratzeak kudeatzea, altak, bajak eta titular-aldaketak izapidetzea, fakturazioarekin erlazionatutako kudeaketak, kexak edo/eta erreklamazioak”.

Aurtengoan hasi da Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoa Busturialdean zerbitzu ematen, iazkoan Busturialdeko Ur Partzuergoak integraziorako behar bezalako pausoak eman ostean. Zenbait hilabeteetako lana izan zen berau. Hori dela eta, eskualdeko milaka kontsumitzaile Bizkaian nagusi den erakundera batu da. Gainera, “Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoarekin edozein kudeaketa egiteko, ohiko bitartekoak ere eskuragarri daudela” jakinarazi nahi izan du.

Besteak beste, 94 487 31 87 telefono-zenbakiaren, webgunearen eta bulego birtualaren bidez ematen du zerbitzua, “faktura elektronikoan alta eman gura dutenentzat”. Gernika-Lumoko arreta gune berria Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak eskualdean dituen hiruetako bat da. Bermeokoa(Ertzilla kalea, 6-8) eta Sukarrietakoa (Portuondo bide, 7) bere horretan mantentzen direla zehastu dute.