Bizkaiko Bertsolari Txapelketa finalaurrekoetan sartu da, hamazortzi hautagai baino ez dira gelditzen Bilboko finalean kantatzeko. Fase honetako lehenengo saioa, Zeanurin jokatua, maila onekoa izan zen eta ikusleak gustura irten ziren amaieran, bertsolariek barru-barrutik kantatzeko egindako apustuak emaitza ederra ekarri zuen eta. Saioko sei parte hartzaileen artean Aitor Bizkarra nabarmendu zen, txinpartak atera baizizkio bere bertsokera bereziari. Bizkarrak argi eta garbi du zer eta nola kantatu behar duen eta ez zuen ideia hori inoiz ere sakrifikatzen puntuen edo txaloen truke. Iparra garbi du eta, 2023ko txapelketan finaletik kanpo geratu bazen ere, ideiari sendo eutsi dio. Bi urte geroago, sari potologoa eskuratu du, izan ere, oker handirik ezean, abenduaren 20ko finalean izango da.
Dena dela, puntu erdia baino ez zion atera Bizkarrak bigarren sailkatuari Zeanurin. Irabazleak 649,5 puntu batu zituen, Jone Uriak 649. Algortarra ere bete-betean sartu da Bizkaiko Txapelketan, saio orekatua eginez eta azken kolpea bakarkako ederrean jota. Hirugarren Oihana Bartra izan zen, 629,5 punturekin eta laugarren Imanol Uria, 615ekin. Hauek ere finalaurreetako hurrengo fasean egoteko aukera handia dute. Atzerago, Aissa Intxausti (594 puntu) eta Bittor Altube (547) bertsoaldiei nahi beste etekin atera ezinda geratu ziren.
Kanpoko giroak kutsatuta beharbada, saioa hotz samar hasi zen hamarreko eta zortziko txikian. Dena dela, ofizio polit batzuk entzun ahal izan ziren, adibidez, Jone Uriaren eta Aitor Bizkarraren artekoa, Halloween eta Gau Beltza tarteko. Lehenengo ariketa horretatik erakutsi zuten biek sasoiko daudela. Halloween nahiago duela esan zion Bizkarrak Uriari, euskal mitologiak ez duelako saltzen baina algortarrak berehala bota zion erantzuna: “Saltzen duen galdetu Pello Reparazi”. Eta Bizkarra ere fin: “Nik horren trukoekin ez daukat traturik”. Jone Uriaren eta Aissa Intxaustiren zortziko txikiekin hasi zen publikoa esnatzen, kolpe umoretsuak asmatu zituztelako biek. Intxausti Wikipedian bere biografia puztuegi idazten ari dela ikusita, Uriak esan zion “argazkiak eginda ere barra-barra / Wikipedian berez aski da bakarra”.
Iparragirre abila dela doinuan egindako ofizioetan originala eta mamitsua izan zen Bizkarraren eta Altuberen artekoa, finalera pasatu nahi ez zuten bertsolari biren azaletik. Intxaustik eta Imanol Uriak ere probetxua atera zioten tabernan parrandazale gazteak aurkitu zituzten txikiteroen paperari. Bakarkakoaren aurretik, Bartrak eta Jone Uriak ere ale ederrak utzi ziutzten sexu harremanetan hasi berri ziren nerabeen larrutik, eta saioko barrerik ozenenak entzun ziren Bartrak kantatu duenean orgasmoak barrutik alfabetoko letra guztiak atera zizkiola.
Saio puntuagarria amaitzeko, bakarkako lanari ekin zioten sei bertsolariek. Puntuari erantzuteko ariketan Aitor Bizkarraren bigarren ale kementsua txalotu zuen gehien jendeak, itxuraz ilun datorren geroari kantatuta: “Etsaiekin latz eta kideekin biguna / horrela marrazten dut nire etorkizuna”, biribildu zuen bertsoa. Hiruna bertso botatzeko gaia, aldiz, honakoa izan zuten: “Ezetz esan dizute; hala ere, zuk zeurean segituko duzu”. Sentimentuz betetako bertsoaldiak entzun ahal izan ziren, barru-barrutik abesten ahalegindu baitziren denak. Hor ere, Aitor Bizkarraren lana izan zen azpimarratzekoa, gaiei beti bere ikuspegia txertatzeko ahaleginean. Finaletik kanpo irudikatu zuen bere burua baina, etsi beharrean, ekinean segitu eta 2025a bere urterik onena bihurtzeko gogoa agertu zuen azken bertsoan.
Txalo zaparrada
Jone Uriaren bakarkakoak ere txalo zaparrada izan zuen sari, goitik beherako bertsoaldia osatu baitzuen. Enpresan zuzendari izateko hautagaitza aurkeztu baina neska gaztea izateagatik barre egin dioten langilearen ahotik kantatu zuen. “Egunen baten egongo zarete nire azpian” kantatu zuen bigarren alean eta hirugarrenean errematea, emakume guztien izenean: “Orain bai izan nahi dugu zuzendari, agintari guay / ta barre egin didazue eta ezetza eman, ai / neska eta gaztea naiz baina burugogorra ere bai”.
Aissa Intxaustik eta Oihana Bartrak bakarkakoen maila onari eutsi zioten saioaren hondarrean. Lekeitiarrak, bereziki, gai oso gertukoa aukeratu zuen, Bernedoko udalekuena, han ibilia baita lanean. Bere ikuspegia emateko baliatu zuen bertsoaldia, ziurtasunez eta atzera egin gabe. “Jada faxismo hauekin kokoteraino naukate / bertan jarraituko dugu ixten digutenera arte”, izan zen amaiera eta entzuleek esker onez txalotu zuten Intxaustiren ariketa zintzoa.
Abadiño
Hurrengo hitzordua
Azaroak 2. Bizkaiko Txapelketako finalaurreetan bost saio egongo dira. Zeanurin jokatutakoa eta hurrengo biak lehenengo faseari dagozkio. Saio horietako hiru irabazleak eta puntuazioaren araberako beste bederatzi pasatuko dira bigarren fasera; hor beste bi saio daude iragarrita. Finaleko txartelak erabakitzeko bi faseetako lana kontuan hartuko denez, Zeanurin banatutako puntuak inportanteak dira Bilbon kantatzeko aukera nork izango duen jakiteko. Igandean, azaroaren 2an, jokatuko da hurrengo saioa, finalaurreetako lehenengo faseko bigarrena. Abadiñoko Probalekuan kantatuko dute sei bertsolarik: Aitor Etxebarriazarragak, Enare Muniategik, Gorka Pagonabarragak, Maite Sarasolak, Txaber Altubek eta Unai Mendiburuk. Beste guztiak bezala, 17.00etan hasiko da eta sarrerak Bertsozale Elkartearen webgunean daude salgai.