BILBO. Hurrengo asteburuan, irailaren 18tik 20ra bitartean, Otxarkoagako kaleak antzerki ikuskizunez beteko dira. Hiru egun horietan zehar, ostiraletik igandera, lau ikuskizun eskainiko ditu Otxarkoaga Artea Kalean programak udari agur esateko.

Beraz, datozen ostiralean, larunbatean eta igandean, Hutsun eta Ortzik 'Urbasa' aurkeztuko dute, Trakamatraka konpainiak 'Matraka ma non tropo' ikuskizuna, Eidabek 'Gora kasete!', eta Malas Compañías-ek 'Prozak' proposamena.

Otxarkoaga Artea Kalean-en proposamen guztiak familia osoarentzat dira, eta leku guztiak bete arte sar daiteke bertan jendea.

Otxarkoaga Artea Kalean #BilbaoUda2020ren parte da. Proposamen horren bidez, Bilboko Udalak kulturaz eta aisiaz bete du hiria, eta 150 jarduera baino gehiago egin ditu uda honetan.

PROGRAMAZIOA

Ikuskizun guztiak Ugarte plazan izango dira.

Irailaren 18a, ostirala, 19:00etan

Hutsun eta Ortzi konpainia 'Urbasa' ikuskizunarekin iritsiko dira Ugarte plazara. Urbasak bi pertsonaien istorioa kontatzen du, orekan eta harmonian bizi direnak inguruko basoarekin eta natura joriarekin. Bat-batean, egoera orekatu hori endredatu egiten du gizabanako batek, industrializazioak eta egungo zibilizazioak eta horrek dakarren guztiak kaltetuta baitago, eta horrek bi aldeen arteko gatazka sortzen du.

Irailaren 19a, larunbata. 13:00etan

Trakamatraka proiektuak musika birziklatzearekin, sormenarekin eta irudimenarekin, dibertsitate musikalarekin eta ingurumenarenganako errespetuarekin elkartzen du. Konpainiak, 'Matraka ma non tropo' ikuskizunarekin, musika modu atseginean hurbilduko digu, eta erakutsiko digu birziklatzea mundu hobe batera joateko bidea dela. Proiektu honetan, gure gizarteak zabortzat hartzen dituen gauzak eraldatu eta musika-tresna zoragarriak sortuko dituzte.

Irailaren 19a, larunbata. 19:00etan

Larunbat arratsaldean, dibertsioa Eidabe taldearen eskutik etorriko da, 'Gora Kasete!' ikuskizunarekin. Ikuskizun honetan, izeko Margaritaren urtebetetzea ospatuko dugu; izekorik parrandazaleena da, eta bere neurrirako opari bat egingo diote: kasete bat, bere bizitzako abestiekin.

Irailaren 20an, igandea. 13:00etan

Otxarkoaga Artea Kalean-ek agur esango die Otxarkoagari eta Ugarte plazari Malas Compañías taldearen 'Prozak' proposamenarekin. Lan honetan, artistek egoera zentzugabeen unibertso batean murgiltzen dituzte ikusleak, batere konbentzionala ez den familia baten bidez, alde gizatiarrena barrez eta emozioz lotuz.

OSASUN-SEGURTASUNA

Osasuneko protokoloak zorrotz beteko dira ekitaldi guztietan, osasun-segurtasuna ahalik eta gehien bermatzeko. Horretarako, #BilbaoUda2020 programako proposamenak formatu txikikoak izango dira, sarrera kopurua mugatuta egongo da eta publikoa beti eserita. Era beran, maskara erabiltzea nahitaezkoa izango da #BilbaoUda2020ren barruan antolatutako ekitaldi guztietan.