Kirol instalazioen zerbitzu berriaren lizitazioa abiarazi du Sopelak
Udalbatzak ahobatez onartu du datozen 5 urtetarako bere Udal Kirol Instalazioen Zerbitzu Publikoaren kontratazio espedientea
2025eko azaroko osoko bilkuran udal talde guztiek baietza eman zioten kirol instalazioen zerbitzu berriaren bideragarritasun planari. Canal Proyectos aholkularitzaren adituek garatutako plan horren helburua, lizitazio berri bat nola eta zer baldintzatan egin beharko den zehaztea zen. Bideragarritasun plan horrek egungo zerbitzuaren kalitatea handitzea aurreikusten du, hainbat hobekuntza proposatuz hainbat eremutan, besteak beste, kirol eskaintzan, instalazioen mantentze-lanetan eta garbiketan eta euskararen erabileran. Horrez gain, Abadesoloko igerilekuak dauden erakinaren ondoan beste eraikin berri bat egitea aurreikusten da.
Bideragarritasun plan horretan oinarrituta, joan den ostegunean, apirilaren 30eko osoko bilkuran Sopelako Udalaren udalbatzak ahobatez onartu du bere Udal Kirol Instalazioen Zerbitzu Publikoaren kontratazio espedientea, lizitazio berriari hasiera emanez eta zerbitzua 5 urtetarako esleitzea proposatuz. Nabarmentzekoa da lizitazio horren bideragarritasun plana eta plegu teknikoak eta administratiboak Estatuko Gobernuko Ogasun Ministeritzaren menpeko Ebaluaziorako Bulego Nazionalak (ONE) aztertu dituela.
Sopelako kirol-instalazioen zerbitzu publikoaren emakidaren lizitazioa badago ikusgai Euskadiko kontratazio publikoaren plataforman eta ekainaren 3ra arte dago epea eskaintzak jasotzeko. Dena ondo bidean, zerbitzu berria ikasturte hasierarekin abian jarriko litzateke.
Orain arte emandako urratsak
Kirol zerbitzu berria abian jartzeko prozesua Sopelako Udalaren Kirol plan estrategikoarekin hasi zen. Udalak bere kirol politika publikoak zehazteko OTS aholkularitzari eskatu zion laguntza. 2024ko abenduan aurkeztu zen Plan Estrategiko horren arabera, Udalak kirol alorrean eman beharreko beste urrats guztiak planifikatu ditu. Plan horren helburua “adin guztietako sopeloztar guztiek egunero kirolaz gozatzea lortu nahi da, kantitatea, kalitatea eta kirolarekiko atxikimendua handituz”. Lehen urratsa, kirol teknikariaren lanpostua sortzea izan zen.
Ondoren, Plan estrategikoaren irizpideei jarraituz, kirol instalazioen ikuskaritza teknikoa ere kontratatu zen, horren araberako legeztatze plan bat garatuz. 2026ko aurrekontuetan, 120.000€ daude kirol instalazioetan inbertitzeko.
Horrez gain, Sopelako Udalak eta BPXport Sopelana SL-k, egungo emakidadunak, udalaren kirol- instalazioak kudeatzeko kontratua adostasunez suntsiaraztea ere proposatzen zen, gehienez 20 urtetarako zen kontratu hori bideragarria ez delako. Horrela, Udala aurreakordio batera heldu da BPX-ekin, kontratu berria esleitu arte zerbitzua ematen jarraituko duela bermatuz. Izan ere, kiroldegiko lanpostuak mantentzea, lehentasun bat izan da Udalarentzat. Osoko bilkuran hasiera eman beharko zaio kontratua bertan-behera uzteko espedienteari, aipatu aurreakordioan adostutako baldintzekin.
Aldi berean, Udalak kirol-instalazio berriaren proiektua idazteko eta obrak zuzentzeko lizitazioa egingo du, eta proiektua idatzi ondoren, obrak lizitatuko dira. Inbertsio hori 6 milioi eurora arte heldu daiteke. Bai kirol ekipamendu berria, bai liburutegi berria finantzatzeko, Sopelako Udalak 1.798.000 euroko balioa duten 3 lursail saldu berri ditu eta beste 5 lurzatiren lizitazio berri bat abian jarri du. Lursail horiek ez daude kontraesanean HAPOren aurrerapen-dokumentuan edo zirriborroan jasotako proposamenarekin, hau da, lursail publikoak saltzea, beti ere lurzati horiek zuzkidura-ekipamenduetarako edo babes publikoko etxebizitzen etorkizuneko sustapenetarako erabili ezin badira.
Temas
Más en Bizkaia
-
El Torneo del Pasealeku de Gernika-Lumo estrena una categoría para veteranos
-
Lemoa premia usar el euskera en 21 locales comerciales, de hostelería y servicios
-
Movilizaciones contra el proyecto de regeneración dunar en la playa de Laga
-
Martxan da aire zabaleko Pintura Azkarraren lehiaketaren bosgarren edizioa