Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzeko asmoz, Bermeok ekitaldi ezberdinak antolatuko ditu. Beraz, Motx pailazoaren ibilbidea hasi zela 5 urte betetzen direla aprobetxatuz, azaroaren 30ean jai bat antolatu da aurten 5 urte betetzen dituzten haurrentzat. Asmoa ama hizkuntzaren transmisioaren garrantziaz ohartaraztea eta Motx pailazoaren bosgarren urtebetetzea ospatzea da.

Horrela, datorren asteburuan San Andres auzoko jaiak ospatuko direla aprobetxatuko da 5 urteko umeen jaia egiteko, 12:00etan izango da kale horretako aparkalekuan jaiak ospatzeko jarriko duten karpan. Guztira, 116 ume daude gonbidatuta, eta ikastetxeen bitartez jaso dute gonbidapena. bakoitzak bere ama hizkuntzan. Horregatik, euskaraz gain, arabieraz, errumanieraz, gaztelaniaz, ingelesez eta wolofez zabaldu dira gonbidapenak.

“Umetan finkatutako hizkuntza, ume horren izaeraren parte izango da, eta euskara Bermeoko umeen izaeraren parte izatea gurako genuke, gure herriko nortasunaren parte izaten jarrai dezan”, adierazi du Iker Bilbao San Nicolas, Euskara zinegotziak.

Bestalde, Iker Gonzalez Libanok, Motx pailazoak, proiektu berri bat jarri du martxan bosgarren urteurren honetan, Arrate Egaña idazlearekin eta Marimar Agirre ilustratzailearekin batera, 4 eta 8 urte bitarteko haurrentzat Oroitzapen eder bat izeneko ipuina sortuz.