Síguenos en redes sociales:

Sestaoko Udalak Ballonti errekaren ezkerreko ertzean ibai-parke bat sortuko du

Sestaoko herritarrek 6.000 metro koadroko azalera berreskuratuko dute haien aisialdirako Udalak planteatutako azken proiektuari esker. Ainhoa Basabe Sestaoko alkateak iragarri du aste honetan hasiko direla Ballonti errekaren ezkerreko ertzean ibai-parke bat sortzeko obrak. Jarduketa hau Ibarzaharra Enpresa Parkea urbanizatzeko proiektuaren 3. faseari dagokio eta bere aurrekontu ekonomiko guztia, 700.000 euro, poligonoa sustatzen duen enpresaren kontura izango da, urbanizaziokarga baita.

Basabek azaldu duenez, jarduera honi esker, herritarren aisialdirako 6.000 metro karratu inguru berreskuratuko dira Enpresa Parkearen eta Bilbo-Muskiz trenbidearen artean. Proiektuak ezkerreko ibai-ertzaren ingurumenegokitzapena aurreikusten du; eta horretarako, sastrakak kendu eta 450 zuhaitz eta zuhaixka autoktono landatuko dira, hala nola urkiak, ezkiak, lizarrak, zumarrak, astigarrak eta alertzeak.

Halaber, jarduketa honek 500 metroko luzera eta hiru metroko zabalera izango duen bide bat berregokitzea ere sustatuko du. Bidea eta ibaia paraleloan joango dira, eta argiteria publikoa, bankuak eta paperontziak izango ditu. Obrari amaiera emateko, oinezkoek eta txirrindulariek Ballonti ibaia zeharkatu ahal izateko pasabide txiki bat jarriko da Costco parean.

Lanak egiteko epea hiru hilabetekoa izango da, eta martxotik apirilera bitartean amaitzea aurreikusten da, hotela eraikitzeko obren bukaera aldera.

Hirugarren fase hau burututa, Ibarzaharra enpresa-parkearen urbanizazioproiektua guztiz amaitutzat emango da.