Síguenos en redes sociales:

Bizkaiako nekazariek 6.000 euroko dirulaguntza jasoko dute ustiategiak animalia basatien kalteetatik babesteko

Bizkaiko Foru Aldundiak 100.000 euroko dirulaguntzak emango ditu nekazariek ganaduarentzako hesi eramangarriak, sailak, larreak edo abereak babesteko artzain elektrikoak, ganadua geolokalizatzeko gailuak edota mastinak erosteko. Gehienez, eskatzaile bakoitzak 6.000 euro jasoko ditu, eta eskaerak otsailaren 28ra arte aurkeztu ahal izango dira.

Dirulaguntza hauek, abereak, labore-sailak eta larreak animalia basatietatik (basurdea, orkatza, otsoa, saia eta azeria) babesteko neurrietako bat da, eta beren helburuak dira lehen sektoreko ustiategien jarduera animalia basatiekin bateratu ahal izatea eta animaliok nekazaritza eta abeltzaintza ez eragoztea.

Hain zuzen ere, dirulaguntza hauek norgehiagokaren araubidean emango dira abereentzako hesi eramangarriak, artzain elektrikoak, abereak geolokalizatzeko gailuak eta mastinak erosteko.

Laguntzaren zenbatekoa erosi nahi denaren kostuaren % 50 izango da gehienez, eta eskatzaile bakoitzak 6.000 euro jaso ditzake gehienez. Mastin espainiarra, Pirinioetako mastina, mendi-txakurra edo horien gurutzaketaren ondoriozko txakur onartuetako bat erosiz gero, txakur bakoitzarengatik 600 euro jasoko dira gehienez. Abeltzainek txakur bat baino gehiago erosi ahal izango dituzte, baina dirulaguntzaren guztirako muga aurrean adierazitakoa izango da: 6.000 euro.

Eskaerak datorren otsailaren 28ra arte aurkeztu ahal izango dira Bizkaiko Foru Aldundiaren egoitza elektronikoan, Bizkaiko Foru Aldundiaren erregistro nagusian, Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko Sailaren erregistroan, Abeltzaintza Zerbitzuaren erregistroan, eta ustiategiari dagokion Eskualdeko Nekazaritza Bulegoan edo Herritarren Arretarako Bulegoan.