'Wanted' programaren edizio berri bat abiaraziko du Getxok
Getxoko Udalak martxan jarriko du udalerriko bizitza soziala, ekonomikoa eta kulturala aberasteko helburua duen 'Wanted' izeneko ekimenaren edizio berri bat. Programa hau udalerriko 18 eta 30 urte bitarteko gazteei dago bideratuta.
Aurkeztu ahal izango dira: enpresa sortzeko proiektuak izan ala ez, proiektu profesionalak izan ala ez, antzezlanak sortu eta ekoizteko proiektuak, performanceak, filma laburrak egitea, erakusketak, edozelako lehiaketak antolatzea, udalerrirako interesgarriak izan daitezkeen web orriak, blogak, etab. egitea, aisialdi jarduerak, hala nola ikastaroak eta tailerrak, gizarte arazoetan sentiberatzeko proiektuak, euskaren erabilera sustatzeko proiektuak, hitzaldiak bezalako dibulgaziozko proiektuak, eta abar.
Gonzalo Ayo Gazteria zinegotziak nabarmendu duenez, “programaren helburua gazte getxotarrei laguntzea eta sustatzea da beren proiektuen lehen urratsetan, badakigulako hastapenak zailak direla. Udalak ekintzailetza eta pentsamendu kritikoa sustatu nahi ditu, eta Getxon negozio-ideia berriak eta beste edozein motatako proiektuak gora egiten lagundu, herritar guztiek proiektu horiek baliatu ahal izan ditzaten. Horregatik, Getxoko gazte guztiak animatu nahi ditugu deialdi berri honetan parte hartzera”.
Gazteak banaka edo taldeka aurkez daitezke. Banaka aurkeztekotan parte-hartzailea Getxokoa izan behar da. Binaka aurkeztekotan, gutxienez parte-hartzaileetako bat Getxokoa izan behar da. Taldean hiru kide edo gehiago egotekotan gutxienez taldekideen bi heren Getxoko biztanleak izan behar dira.
Wanted programak aukeratutako proiektuak abian jartzeko beharrezkoak diren laguntzak emango ditu. Orotariko laguntzak eskainiko dira: 10.000€ra arteko finantzaketa, aholkularitza profesional zerbitzuak, formakuntza zehatza proiektuak dituen beharrizanetan, bide-laguntza zerbitzua eta, oro har, proiektuak gauzatzeko beharrezkoak diren baliabide eta zerbitzuak.
Parte hartu nahi dutenek gaztebulegoa@getxo.eus Gazte Informazio Zerbitzuarekin jar daitezke harremanetan, 94 466 00 18 telefonoan, eta hitzordua eskatu beren proiektua azaltzeko.