13.400 euroko dirulaguntza Portugaleteko historiagunea berrizteko
Txema Ezkerra Portugaleteko alkateorde eta Ekonomia Sustapeneko eta Enpleguko zinegotziak sustapen ekonomikorako eta ekintzailetzarako dirulaguntza berriak aurkeztu ditu eta jakinarazi du Portugaleteko historiagunean negozio bat irekitzen duten ekintzaileek 13.400 euroko laguntza jaso ahalko dutela aurten. Dirulaguntza hauek lurzoru mailako merkataritza, ostalaritza eta zerbitzuetako establezimenduen irekiera berriak sustatzeko eta horiek modernizatzeko jarri dira abian.
Ezkerrak azaldu duenez, agintaldia hasi zenetik jardun dugu ekintzailetza eta jarduera ekonomikoaren babesean, laguntza-programa garrantzitsu bat eta Hazten izeneko ekintzailetzari laguntzeko zerbitzu berri bat sortuta. Gaur onartutako dirulaguntzei esker, aurrera egingo dugu hirian jarduera ekonomikoa babesteko oinarri sendoak ezartzeko helburuan, gazte ekintzaileen aldeko apustu sendoa ere egiten dugularik. Gainera, enpresa ertain eta txiki bat izateko baldintza betetzen duen sektore ekonomiko osoari zabalden dizkiogu laguntzak, ausazko jokoei lotutakoak kenduta, establezimendu baten merkataritza-bizitza osoan zehar irekitzeari eta modernizatzeari lagundu eta gure historiagunean jarduera ekonomikoa bultzatu nahian.
Gaur onartutako dirulaguntzek lurzoru mailan negozio bat irekitzeko behar diren inbertsioak lagunduko dituzte: gehienez 5.000 euro eta egindako inbertsioaren % 40 jaso ahal izango du establezimendu bakoitzak; gehieneko hori, gazte ekintzaileen kasuan, 15 puntu gehiago igoko da, % 55eraino.
Gutxienez hiru urte itxita daramatzan lurzoru mailako historiaguneko lokal batean ezartzen diren negozioek 8.000 euro eskuratu ahal izango dituzte. Zenbateko hori, gainera, lehen urteko alokairua edo hipoteka finantzatzeko laguntzarekin (4.200 € gehienez) eta errotulazio komertzial eta webgune elebidun edo euskarazkoetarako dirulaguntzekin (1.200 € gehienez) osatuko da. Beraz, historiagunean negozio irekiera bat egitea gehienez 13.400 eurorekin finantzatu ahal izango da lehen urtean.