Bilboko Udaleko Mugikortasun eta Jasangarritasun Sailak Ibilgailuak gaitutako espazioetan eta kalean aparkatzeko Ordenantza aldatzeko proposamena egin du, indarrean sartu zenetik bi urte igaro ondoren araua hobetzeko emandako iritziei erantzuteko. Proposamena gaur aurkeztu diete Udaleko talde politikoei, batzordean, Gobernu Batzarraren azken bilkuran onetsi ondoren. Aldaketen helburua da zerbitzuaren erabiltzaile diren zenbait kolektiboren baldintzak hobetzea ahalbidetzeko duten alderdiak txertatzea. Proposamen gehienak mugikortasun urriko pertsonentzako aparkatzeko baldintzak hobetzera bideratuta daude.

Nora Abete alkateorde eta Mugikortasun eta Jasangarritasun Saileko zinegotziak ordenantzaren aldaketen proiektuaren zenbait xehetasun eman ditu. Azaldu duenez, "erabiltzaile diren kolektiboek eta udaleko talde politikoek, eta, oro har, herritarrek egindako iradokizun eta gogoetei erantzuten die. Proposamen honen bidez, araua benetako beharretara egokitu nahi dugu, eta hirian aparkatzeko alderdi guztiei mesede egingo dieten baldintzak ahalbidetu, arreta berezia jarrita premia espezifikoak dituzten kolektiboei".

Ildo horretan, testuan honako hau gehitu da, adibidez: mugikortasun urriko pertsona bat bidaiari daramaten ibilgailuek ("Mugikortasun urriko pertsonentzako Europako aparkatzeko txartela" eduki beharko dute, eta ibilgailuaren aurreko panelean erakutsi) zamalanetarako eremuetan ere aparkatu ahal izango dute, gehienez ere 15 minutuz.

Kolektibo horri dagokionez, proposamenak berariazko atal bat du, mugikortasun urriko pertsonek - gidari izan zein bidaiari- aparkatzeko bete behar dituzten baldintzak biltzen dituena.

Beste aldaketetako bat da TAOko sektore urdinean eta berdean aparkatutako ibilgailuek, denbora amaitu aurretik kentzen badute ibilgailua aparkalekutik, geratzen den denbora eremu bereko beste plaza batean aparkatzeko aukera izango dutela. 

Baimen eta zehaztapen berriak bereizgarrien eskaeran

Ordenantzaren aldaketan aparkatzeko hiru bereizgarri berri gehitu dira. TEP tiketa, espazio publikoa erabiltzeko baimen berezia duten ibilgailuentzat; TCS tiketa, Udalak osasun-zentro publikoetatik gertu erreserbatuko dituen eremuetan aparkatzeko erabili ahal izango; eta REG-M erregistroa, mugikortasun urriko pertsonentzako (gidariak ez direnean) Europako aparkatze-txartela.

Gainera, aparkatzeko bereizgarria eskatzeko bete behar diren baldintzetan zehaztapen batzuk egitea proposatzen da. Adibidez, Bilboko Udalarekin ordainketak egunean izateko betekizunari dagokionez, zehaztapen bat egin da: salbuespena dira zorra izan arren indarrean dagoen ordainketa zatikatuaren ebazpena betetzen ari diren pertsonak. Beste proposamen bat renting edo leasing ibilgailuen kasuari buruzkoa da; horien indarraldia kontratuaren amaiera-dataren mende egongo da.

Osasun-zentroetara joateko eta ibilgailu profesionalentzako aparkalekuak

Testu berriaren arabera, osasun-zentro publikoen inguruetan aparkaleku-erreserbak egokitu ahal izango dira, betiere kokapenak eta aparkatzeko espazioak horretarako aukera ematen badute. Erreserba horiek behar bezala seinaleztatuta egongo dira. Osasun-zentroetara doazen pazienteei laguntzen dieten gidariek erreserba horietan aparkatu ahal izango dute, gehienez ere 15 minutuz, doako tiket batekin. Mugikortasun urriko pertsonen kasuan, denbora hori ordubetera artekoa izango da.

Proposamenek erabilera profesionaleko ibilgailuei ere eragiten diete. Hau da, zaharberritze-, konpontze-, mantentze- eta instalazio-lanetan eta antzeko lanetan diharduten pertsonen ibilgailuak, behar bezala erregistratuta badaude baina zamalanetarako eremuak erabili ezin badituzte, egonaldia 30 minututik gorakoa izango baita. Ordenantzaren aldaketak aukera emango lieke sektore berdeetan aparkatzeko, ordutegi-mugei lotuta egon gabe. Horretarako, jarduerari dagokion bereizgarria (DES-A) izan behar dute eta eguneko tiketa (TD) eskuratu behar dute, aparkatzeko sistema arautuko edozein gunetarako balio duena. Horrela, kolektibo horiek ez dute aukeratu beharko zein lan-eremutan aparkatu (erdian edo kanpoaldean).

Egoiliarrentzako, ibilgailu elektrikoentzako edo motozikletentzako aparkaleku-partzelak

Proposamenak egoiliarrentzako aparkalekuetako zehaztapenei eta berrikuntzei buruzkoak ere badira, hala nola partzela elektrifikatuei buruzko kapitulu espezifiko bat gehitu da, plaza horien kokapen- eta erabilera-baldintzak zehazten dituena, bai eta plaza horiek eskuratzeko betekizunak ere.

Motozikletei dagokienez, jarduera ekonomikoei lotutako flotetako motozikletek ezin izango dute eremu urdinean eta berdean aparkatu, baizik eta motorrentzako erreserbatutako aparkalekuetan soilik.

Izapidetzea

Hemendik aurrera, dokumentua izapidetzen hasiko da. Lehenik eta behin, hamar egun balioduneko epea hasiko da oposizioko taldeek zuzenketak aurkez ditzaten.

Zuzenketak ebatzi eta erantzun ondoren, Udalbatzak hasierako onarpena emango dio testu berriari; hori otsailean edo martxoan gertatuko dela uste da, zuzenketa kopuruaren arabera.

Ondoren, jendaurrean jarriko da 30 egun balioduneko epean. Hilabete hori amaituta eta jasotako alegazioak aztertu ondoren, dokumentua behin betiko onartuko da osoko bilkuran.