Perseverance roverra NASAren ibilgailu autonomo bat da, eta 2021eko otsailaren 18an iritsi zen Jezero kraterrera (Marten lehortuta dagoen antzinako aintzira baten ohea). Perseverancek atmosferaren ikerketa osatu berri du Marteren lehen urtean (Lurrarekin alderatuta, gutxi gorabehera bi urteko iraupena du) eta UPV/EHUko taldeak —Agustín Sánchez Lavegak, Ricardo Huesok, Teresa del Río Gaztelurrutiak eta Asier Munguira doktoregoko ikasleak osatutakoak— gidatu du tenperaturaren eta presioaren urte sasoiko eta eguneroko zikloen azterketa, bai eta prozesu oso desberdinek beste denbora eskala batzuetan eragindako aldaketa handiak ere.  

Ikerketaren emaitzen aurrerapena astearte honetan argitaratu da Nature Geoscience aldizkariaren urtarrileko zenbakian, eta azalean bertan izango du aipamena. Jezero kraterra planetaren ekuatoretik gertu dago eta, urtaroetan zehar, airearen batez besteko tenperatura zero azpitik 55 gradu ingurukoa da, baina gauaren eta egunaren artean asko aldatzen da, 50 eta 60 gradu artekoa izanik alde tipikoa. Eguneko erdiko orduetan, gainazala berotzean, mugimendu zurrunbilotsuak sortzen dira airean, aire masak igotzean eta jaistean eragindakoak (konbekzioa). Gaua iristean, airea egonkortu egiten da eta eten egiten dira zurrunbiloak. 

Aztertutako fenomeno ugari eta aberatsen artean, MEDAk xehetasunez ezaugarritu ahal izan ditu 2022ko urtarrilaren hasieran izan zen hauts ekaitz beldurgarrietako batek atmosferan eragindako aldaketak. Roverraren gainetik igarotzean, bat-bateko aldaketak sortu zituen tenperaturan eta presioan, haize bolada gogorrak eragin zituen eta hautsa harrotu eta tresnak kolpatu zituen, haize sentsoreetako bat kaltetuz.  

“MEDA doitasun handiko neurri meteorologikoak ematen ari da, eta, horiei esker, lehen aldiz ezaugarritu ahal izango da Marteren atmosfera, eskala lokaletatik metro batzuetako distantziara, bai eta planetaren eskala globalean ere, milaka kilometrora gertatzen denari buruzko informazioa bildu baita. Horrek guztiak Marteko klima hobeto ezagutzea eta erabiltzen ditugun iragarpen ereduak hobetzea ekarriko du”, adierazi du Sánchez Lavegak.