Aitor Pinedok zer-nolako eragina duen motxilaren kargak mendiko erreskatatzaileen errendimendu fisikoan aztetu du bere tesian eta, Ertzaintzaren Zaintza eta Erreskate Unitateko mendiko ataleko erreskatatzaileen laguntzarekin zenbait ondorio atera zituen. Ondorio horien artean, esanguratsuenetarikoa mendiko erreskatatzaileek beren gorputz-masaren % 20ko edo gehiagoko kargak ez eramatearen gomendazioa da. “Atalase horretatik beherako kargak garraiatzeak aukera ematen die % 20rainoko inklinazioko maldetan ibiltzeko errendimendu fisikoaren galera handirik gabe. Erreskate-taldeek alderdi hori kontuan hartu ahal izango dute jarduera-protokoloak diseinatzeko edo aldatzeko orduan”, zehaztu du Pinedok.
Mendiko kirolak gehien praktikatzen diren diziplinetakoak dira. Zehazki, lehena da Espainian, 2022an egindako kirol-ohiturei buruzko azken inkestaren arabera, eta bosgarrena Euskal Herrian. Gainera, Espainiako Mendiko Kiroleko eta Eskaladako Federazioa (FEDME) laugarren postuan dago lizentzia-kopuru osoa kontuan hartuz gero.
EAEko istripuei buruzko azken datuen arabera, mendiko erreskateen kopurua handitu egin da azken hamarkadetan. Hala, 2021ean, mendiko atalak 620 aldiz lan egin behar izan zuen; 570 erreskate eta 50 bilaketa egin zituzten.
Natura-inguruneetan kirola egitean gertatzen diren istripuetan, istripua izan duen pertsona bere kabuz edo lagunen baten laguntzaz mugitu ezin bada, erreskatea egin behar izaten da, eta, normalean, mendiko erreskateetan espezializatutako taldeek egiten dituzte halakoak.
Istripuaren tipologiaren eta hara iristeko bidearen arabera, erreskatea egiteko materiala garraiatu behar izaten dute erreskatatzaileek, eta horrek eragina izan dezake haien errendimendu fisikoan eta jardunaren arrakastan, baita kanpoko beste faktore batzuek ere (altitudea, malda, motxila baten masa, meteorologia, etab.). Faktore horiek eta erreskate batzuen arrisku-egoerek eragina dute erreskatatzaileen errendimendu fisikoan, eta haien segurtasuna ere arriskuan jartzen dute.
“Mendiko erreskate-taldeen jarduera eliteko kirolarien taldeen jardueraren antzekoa izan liteke, bi taldeen errendimendu fisikoa funtsezkoa baita azkenean arrakasta izateko. Beraz, beharrezkoa da erreskatatzaileen errendimendu fisikoa zer-nolakoa den jakitea, baita haien errendimenduari eragiten dioten erreskateen ezaugarriak ere”, adierazi du ikertzaileak.