Euskaldunen %40k baino gutxiagok ijito asko bizi diren auzo edo bloke berean bizitzea onartuko lukete. Horrela adierazten du 'Neurtu 2022: Ijitoekiko pertzepzioak eta jarrerak' izenburuko lana. Bertan, gizarteak Euskadiko ijitoekiko dituen pertzepzio eta jarrerei buruzko inkesta eta azterlan espezifikoak egin dira.
Ikuspegiko zuzendari Julia Shershnevak azaldu duenez, herritar gehienek aniztasunerantz jotzen dute, oro har, eta onartzen dute Euskadin bereizkeria eragiten duten errealitateak daudela eta baztertzeko jarrera dutela. Hala ere, joera orokor horiek apur bat moderatuagoak bihurtzen dira zenbait talderi dagokienez; horien artean, ijitoak, musulmanak eta atzerritarrak nabarmentzen dira, batez ere harreman intimoen esparruei dagokienez.
Ijitoei buruzko jarrerei eta sinesmenei dagokienez, gizarteak, oro har, onartzen eta salatzen du, batez ere, ijitoekiko bereizkeria dagoela hainbat dimentsiotan, eta, aldi berean, jarrera anbibalenteak dituela zenbait sinesmen eta ideia estereotipaturi dagokienez, eta erosotasun txikiagoa duela harreman- eta bizikidetza-eremu intimo eta hurbilenetan.
Bizilekuei dagokienez, adibidez, %40k baino gutxiagok adierazi dute ijito asko bizi diren auzo edo bloke berean bizitzea onartuko luketela; beste %40,9, berriz, hori saihesten saiatuko litzateke, eta %15,3k baztertu egingo luke harreman hori. Gainera, hamar pertsonatik lauk baino gehiagok onartzen dute ez luketela etxea alokatuko ijito bati.
Lanean, hamar pertsonatik ia hiruk adierazi dute norbait kontratatu beharko balute, prestakuntza eta esperientzia bera izanda, ez luketela ijito bat kontratatuko edo saihestuko luketela, gutxienez.
Bizikidetza- eta interakzio-kasuei dagokienez, gehienek, inkestatutako hamar pertsonatik bederatzik baino gehiagok, adierazten dute ez dutela arazorik lan- eta hezkuntza-testuinguruan ijitoekin harremanak izateko, ijito horiek rol handiagoa (zuzendaritzakoa) edo berdina izanda ere (lankidea edo ikaskidea). Bizikidetzaren onarpen-maila hori nabarmen jaisten da, ordea, seme-alabentzat ijitoen etniako adingabeko asko ikasten dituen ikastetxe bat aukeratzeko aukeraren aurrean. Hori saihesten saiatuko lirateke, inkestatutako hamar pertsonatik ia lauk.
Zeharkako diskriminazioari dagokionez, biztanleen %40k baino gehiagok adierazi du ijitoren bati buruzko iruzkin negatiboen edo zurrumurruen lekuko izan dela; %34k baino gehiagok, berriz, txantxak, txisteak, imitazioak edo antzekoak ikusi dituela. Nabarmentzekoa da %21,1ek irainak ikusi dituela, %12,5ek mehatxuak eta %10,7k eraso fisikoak.
Azkenik, gizarteari ijitoekiko sinpatiaz eta haien tolerantzia pertsonalaz galdetzerakoan, balio ertainak edo txikiak ikusten dira. Hala, sinpatia-maila, 0tik 10era bitarteko eskalan, 5,79 puntukoa da batez beste; tolerantzia pertsonala, berriz, 6,65 puntukoa da 10etik, eta gizarteari oro har egotzitako tolerantzia 5,3 puntukoa da, Julia Shershnevak adierazi duenez.