2022an 44 pertsona hil dira Euskadin trafiko-istripuetan, hau da, 2021ean baino 2 gehiago eta 2019an baino 7 gutxiago. Honela adierazi du gaur Sonia Síaz de Corcuerak, Eusko Jaurlaritzako Trafikoko zuzendaria. Datuak perspektibarekin aztertuz gero, heriotzen beheranzko joera hautematen da: 2000an 218 pertsona hil ziren, 2010ean 67, 2019an 51. 2022ko 44 hildako horietatik, % 68 kolektibo zaurgarriren batekoak ziren: 15 oinezkoak ziren, 14 motor-gidariak eta 1 txirrindularia

Generoari begirada bat emanez gero, hildakoen % 77 (34) gizonak ziren eta % 23 (10) emakumeak. Kolektibo zaurgarriei dagokienez, behera egin du hildako motor-gidarien kopuruak (14, eta iaz 17 eta 2019an 16), baina nabarmen egin du gora hildako oinezkoen kopuruak (15, eta iaz bat eta 2019an 13).  

Mugikortasunari dagokionez, orokorrean, pandemia aurreko mailetara leheneratu da, eta istripuen tasak % 13 egin du behera parekatzeko moduko azken urteari dagokionez.

Heriotza-tasa, 2019ari dagokionez, lurralde guztietan jaitsi da, baina 2021ari dagokionez, zertxobait igo da Bizkaian eta Gipuzkoan eta jaitsi Araban. Horrela, Bizkaian 18 pertsona hil dira trafiko-istripuetan (2019an baino 4 gutxiago eta 2021ean baino 2 gehiago); Gipuzkoan beste 18 pertsona hil dira (2019an baino bat gutxiago eta 2021ean baino 2 gehiago); eta Araban 8 pertsona hil dira, eta aipatutako bi urte horiei dagokienez, heriotza-tasak behera egin duen lurralde bakarra da (2019an baino 2 gutxiago eta 2021ean baino bi gutxiago).

Sentsibilizazio-programak

Trafikoko zuzendariak Don’t be dummy! Para ti no hay repuestos / Zuk ez duzu ordezkorik estrategiaren laburpena ere aurkeztu du. Bigarren hezkuntzako ikasleei zuzenduta 2017an abian jarri zenetik, prebentzio-programa ibiltaria 63 herritako 174 ikastetxetara iritsi dira, Euskadiko hiru hiriburuak barne direla, eta guztietan parte-hartzaile ugari izan dira.

Guztira 172 ekitaldi programatu dira, eta horietan 40.676 ikaslek parte hartu dute, eta balantzea oso positiboa izan da. Ikasleen % 98k adierazi dute trafiko-istripuei aurrea hartzeko segurtasunaren garrantziari buruz jabetu direla.