Daborduko idatzita dut behin baino gehiagotan Tormesko itsu-mutila ez dela idazlan izengabea edo anonimoa, ezpada talde-lana, gizarte jakin baten etekina. Sarritan jazotzen da idazlan anonimoekin hori. Tormesko itsu-mutila eta itsua elkarrekin dabiltza elkarri ahalik eta iruzur gehien egiten… bai baina beti elkarrekin ia liburua amaitu arte. Eta elkarrengandik bereizten direnean, amaitu egiten da itsu-mutila, amaitu egiten da itsua. Ezinezkoa da itsu-mutila itsua barik.
Espainiako Erresuman, ia 500 urte geroago obra kolektibo hori errepikatzen dela, urteak joan urteak etorri behin eta berriro gertatzen dela ikus dezakegu. Batzuetan igartzeke doa talde-lan hori, beste batzuetan, ostera, hain da nabarmena egitatea, ezin baita ageritik ezkutatu. Leóngo Villmanín herriko jaien batzordeak loteriako hamarrenak baino gehiago saldu ditu partaidetzetan. Buruan hauetako bat edo denak eta gehiago erabiliko zituzten batzordekoek: “Zelan ez zaigun suertatuko… jo ta su!”. “Inork ez du jakingo”. “Horrela diru gehiago izango dugu!”.
Batzordekoek errakuntza bat izan dela dioskute. Nork nahi duena sinets dezala! Kar-kar! Bada, zitalkeria hori egin eta gero, Tormesko itsu-mutilaren aberkideek XVI. gizaldiko arbaso hark pentsatuko zuen irtenbidearen antzekoa asmatu dute: dirua guztien artean banatu, hau da, guztiek ordain dezatela batzuen bekatua. Betiere, inori ez zaio bururatu iruzur hori poliziari salatzeko? Jakina, Tormesko itsu-mutilaren pasadizoetan ez da agintaririk ageri, halandaze…
Eta politikariei exijitzen zaie, eurok irten diren herrikoak izanda, bestelakoak izan daitezen, aratzak eta maratzak izan daitezen. Gaitz-gaitza da indabak egosten diren lapikotik txitxirioak irtetea. Norbera ez dena inori eskatzea libre da, baina betetzen gaitz. Orduan, bekatugileak ez du barkatzen hurkoaren bekatua. Itxuraz, norberaren bekatuak beti izan ohi dira arinagoak inorenak baino. Harremanetan ez da berdin izaten hartuko lekuan edo emaneko lekuan egotea.