Beti sinetsi izan dut kargu berria hartzen duenak, buruan ideia berri bat edo beste dituela egiten duela. Ideia zehatz batekin hasten dela lanean, ilusioz. Ekarpen garrantzitsu bat egiteko asmo irmoarekin. Sinesten dudan bezala, lau urteroko kargu-aldaketa guztiz dela osasungarria, ideia berriak dituzten kargudun berriek bestelako haize bat eman diezaieten gure erakundeei (politiko zein bestelako) eta, ondoren, hurrengoei uzteko, hauek ere beren ideia berriak aplika ditzaten.

Aurrekontuei dagokienean ere ezagunegia zaigu kexua: partidaren ehuneko handi bat azpiegiturari edo langileen soldatak ordaintzeko izan ohi direla eta ez hainbeste berrikuntzarako, alegia. Batetik, kalitatezko lana eskaini nahi dugu eta kalitatezko lanari kalitatezko eta legezko lan baldintzak eskaini behar zaizkio. Baina, bestetik, aurrekontuaren zati handi bat joaten zaigu aurreko kargudunek abian jarritako proiektuak (bere garaian “izar” izan zirenak) mantentzen. Gurean, oso gaizki ikusia dago behinola “izar” izan zen egitasmo hari jarraipena eman behar ote zaion zalantzan jartzea bera ere. Aurreko kargudunek egindakoa ukitzea, alegia. Eta gure sistemak, zor historikoa balu lez, aurreko kargudunen egitasmo izarrak elikatzen jarraitzen du, gaurko proiektu berritzaileei aurrekontuaren zati txiki-txiki bat esleituz eta agintaldiko lanaren zati handi bat, halabeharrez, egiturazkoak diren lanak betetzen.

Gurean, berrikuntza berria izango bada, iraganaren lasta soltatzen ikasi beharra daukagu, eta aurrekontuaren partida handiagoak esleitzera ausartzen egitan berriak diren ideiei.