ITSASOAN jokatutako lehen estropada biek ikuskizuna ekarri dabe Eusko Label Ligara. Jardunaldi bietako emaitzen ostean, gauzak ez dira askorik aldatu, ez, Oriok sailkapeneko lehen postuan segiduten dau-eta. Edozelan be, zapatuan Donostian jokatutako estropadan garbi geratu zan horien nagusitasuna apurtu egin daitekela edozein estropadetan itsasoaren baldintzak ahalbidetuta. Donostiarrak, Zierbenak eta Bermeok erakutsi dabe prest dagozala oriotarren edozein ahulezia baliatzeko banderak irabazteko lehian. Halanda be, estropada eremua bare egon ezkero eta kaleen arteko alde handirik ez badago, oso gatxa izango da Orio menderatzea.

Kale zozketak garrantzi handia dauka estropada gehienetan, eremu ia guztietan aldeak egoten diralako kaleen artean. Leku batzutan askoz handiagoak beste batzuetan baino. Zapatuan Donostiako badian jokatutako estropadan, kalerik onenatik -laugarrenetik- aritzea egokitu jakon etxeko traineruari, Donostiarrari, eta Igor Makazagaren mutilek ederto baliatu eben etxeko estropadea irabazteko aukerea. Arkaitz Rodriguezek eta enparauek -olatuak ez ditu patroiak bakarrik hartzen erantzule nagusia bera izan arren- lan ikaragarria egin eben popadan. Bigarren luzean hegaz egin eben olatu biren ganean aurkariei alde handia kenduta. Antze-ko zeozer egin eben laugarrenean be. Itsasoak ikuskizun bikaina eskeini euskun. Zer gura dozue esatea. Itsaso zabaleko estropada bat dagoan lekuan, kendu daitela beste edozein lehia toki. Hurrengo egunean be, kale zozketea garrantzitsua gertatu zan Zierbenan. Orduan, Oriori egokitu jakon kalerik onena -lehenengoa, babes gehien eukana- eta horiek garbi erakutsi eben Eusko Label Ligako trainerurik indartsuena dirala. Zierbenak apostu gogorra bota eban etxeko estropadea irabazteko, aurreko egunean titular batzuk aulkian itxita, baina maniobreak ez eutson ondo urten. Hirugarren kaletik jardutea egokitu jakon eta ezin izan eutson eutsi Oriok jarritako erritmoari. Halandabe galipoek merito handiko estropadea egin eben bigarren amaitzea lortu eben-eta. Kontuak kontu, lautik hiru irabazi ditu Oriok eta garbi erakutsi dau danok itxaroten genduana: faborito nagusia dala Eusko Label Ligea irabazteko. Zierbenak, Bermeok eta Donostiarrak antzeko mailea erakutsi dabe baina Orio baino koska bat beherago dagoz. Atzetik, Hondarribiak erakutsi dau ohorezko txandan sartu gura dauela musturra.

Maileari eusteko borrokea aurreikuspen guztiak beteten dabil. Lehiaketea hasi baino lehenago itxaroten zan lez, sei traineru jo ta su dabilz sailkapeneko azken postu bietatik ahalik eta arinen urruntzeko ahaleginetan. Edozein akats oso garesti ordaintzen da. Kaiku polito hasi bazan be, zuloan sartu da azken estropada bietan hamabigarren sailkatu ostean. Egoera arriskutsua Elortegi eta koadrilarentzat. Ondarroak domekan konpondu eban zapatuan okertu ebana. Lekittarra erregularragoa izan da. Bederatzigarren Donostian eta zortzigarren Zierbenan. Lea Artibaiko traineru biek zortzi puntuko koltxoia lortu dabe lehen lau jardunaldietan eta kasu bietan sentsazinoak onak dira.

Emaukumezkoen Traineru Elkarteak antolatzen dauen ligatik etorri jaku astegoieneko barririk onena. Lehen sei estropadetan Zarautz eta San Juan nagusi izan badira be, Kaikuk apurtu egin dau gipuzkoarren nagusitasun hori Lekeition. Behetik gora datoz sestaoarrak eta lehen garaipen honek bultzada handia emongo deutse sailkapeneko lehen postu bietako bat eskura-tzeko borrokan.