EZ ote dira migratzaileen kontrako politikak erabat kriminalak? Melillan izan dugu adibide argia. Espainiako presidenteak duela aste batzuk ezkutuko afera egin zuen Marokoko nagusiarekin, eta makina bat urtetan Espainiako Gobernuak izan duen neutraltasuna amaitutzat eman zuen. Sahara erabili zuen negozio beltzak egin ahal izateko, eta horren ondorioz, hemendik aurrera Espainiako beheko mugak Marokok defendatuko ditu, kosta lain kosta.

Itun ilun horrek sortu duen emaitza ikaragarria joan den astean gertatu zen Melillan, migratzaileak bertako hesia gainditzen saiatu zirenean. Gaur egun erraza da edozein ekintza grabatzea eta gertatu denari buruzko irudi lazgarriak ikusi ahal izatea. Bada, horixe da ikusi duguna, gizaki zaurgairriekin egindako kontu groteskoa. Makina bat pertsona, animaliak balira legez jipoituak, eta bata bestearen gainean pilatuak, kolpe isolatuak jaso-tzen dituzten bitartean. Baten batek esan zuen moduan, genozidio estrukturalaren jarraipena da hori. Biolentzia miserablea eta gratuitoa omen da.

Bizitzarekiko mesprezu nabarmena batzuentzat, eta ondo buruturiko ekintza besteentzat. Espainiako presidenteak ultra-eskuinaren rola (xenofobo eta arrazista?) hartu du oraingoan, modu eskandalagarrian, eta poliziaren lana goraipatu du biktimen gaineko aipurik ahoratu gabe, erabat deshumanizaturik. Horixe da akordioa, gizaki horiek izan dezaketen indarra deuseztatu, eta Afrikara bueltan bidali, erreinuko mugak garbi egon daitezen.

Munduak ematen dituen atzerapausoak harrigarriak dira, eta historiak eman digun jakinbidea ez dakigu probesten. AEBtan ere antzeko kontua gertatzen da abortuarekin. Bertako Auzitegi Gorenak abortu eskubide konstituzionala ezabatu du. Gizon atzerakoiek osaturiko auzitegia da hori, eta makina bat urtetan erdietsitako eskubideak ken-tzeko tematurik daude sasi-politiko haiek. Emakumeak ahuldu beharrean, protagonismoa eman beharrean, beharrezkoak eta oinarrizkoak diren eskubideak eman beharrean bigarren mailako estratu sozialean sarrarazi nahi dituzte. Ameriketan armak bai, emakumeen eskubiderik ez.