Ikasle ohiak neurri handi batean norberaren iraganaren isla dira, ispilu berdaderoa. Ikasle ohiak eta ohikoak ez dira errealitate bera. Badaude ikasle ohiak ohikoak izan zirenak eta baita ere ohikoak izan ez zirenak baina bai ohikoak. Batzuk eta besteak motxilan ditugu pilatuta, ez ahaztuta. Batzuen batzuk ahaztezinak baitira, bereziki ez ohikoak izan zirenak, bereziak (zentzu hoberenean) eta bereziki. Izan ba ziren bereziki bereziak, ohikoa eta ez ohikoak beti ohiak. Askotan pentsatu izan dut batzuk eta besteak zenbateraino iritsi ziren, ez dakit ziur, baina ausartuko nintzateke esatean bi milatik gora gutxi gora behera. Denetarikoak ziren, hemengoak eta urrutiagoak, euskaldunak eta ez euskaldunak, europarrak eta hegoamerikarrak, baserritarrak, kaletarrak, hondureñoak, Nikaragua zutenak jaioterria, Brasilgoak, beltzak eta zuriak, Arjelia eta Marruekosen jaiotakoak, Mongolia, Georgia eta Ruandakoak. Neska eta mutilak, nerabeak eta gaztetxoagoak. Atseginak, hurbilak, maitekorrak, gorrotagarriak, bizkorrak eta motelagoak, azkarrak eta ez hain azkarrak, jatorrak eta, nire amak esango luken bezala, estrupextuak, langileak eta alfertxoagoak, berritsuak eta isilak, eta lotsari dagokionez, lotsagabeak eta lotsatiak, indartsuak, ez hain indartsuak, eta ahulak, maltzurrak eta sintzeroak, osasuntsuak eta gaixotasunei aurre egiteko kemen gutxiago zutenak. Beraien gurasoekin harremanak izatea gogoko nuen, batzuekin lortzen nuen, ez bestekin. Harremanak mantentzen ditut, ez guztiekin, bai batzuekin. Ezin ahaztu. Ohiak hauek ere. Ohizkoak batzuk, bereziak besteak, bereziki berezi batzuk, mutur okerrekoak eta alaiak, esker onekoak eta txarrekoak. Adeitsuak batzuk petralak besteak. Ikasleak eta gurasoak. Ohiak guztiak. Ohikoak batzuk, ez besteak. Baina denak iraganaren isla eta ispilu gardena. Norberaren bizitzaren bide ezberdinen lekuko. Batzuetan Donostiako kaleetan: Agur Bujanda! Berdin zaude, segi ondo! Eta Bujandak ezin saihestu irribarre gozoa. Iragana. Ohi, ohiko.
- Multimedia
- Servicios
- Participación
