Ezkerrak, irabazten duenean ere, ez du irabazten. Frantzian gertatutakoa izan da azken adibidea: Macron presidenteak Michel Barnier kontserbadorea lehen ministro izendatu berri du, azken hauteskundeetako bigarren itzulian Barnier jaunaren alderdiak, Les Républicans-ek, botoen % 5 lortu bazuen ere. Fronte Popular Berriak lortutako arrakasta ez da nahikoa izan gehiengoa osatzeko, eta Macronek egonkortasunaren aitzakiaz eskuinera jotzea erabaki du, ezkerraren programa ekonomikoak (aberatsei zergak igo, gutxieneko soldatari % 10eko igoera ezarri, pentsioen erreforma berraztertzea, besteak beste) anabasa sortuko lukeelako Frantzian eskuinaren eta patronalaren arabera. Baina ezkerraren programa ekonomikoa, moderatua halabeharrez, koalizioan parte hartzen duten alderdien guztien ituna azken finean, orain dela urte batzuetan sozialdemokraziak proposatzen zituenekin alderatuta barregarria da.
Barregarria, aldi berean, lehen ministro berriak egin dituen adierazpenak: berak ez dituela eskuineko proposamenak bakar-bakarrik aurrera eramango. Jakina, eskuin muturrekoak ere aurrera eramango ditu, eskuin muturraren onespena baitu Barnier jaunak; badirudi Le Pen andreak ez duela oraingoz zentsura moziorik aurkezteko asmorik, baina gobernua haren eskuetan dago. Pentsatzekoa da macronistei, zentroa (izaki mitologiko hori) ordezkatzen omen dituztenei, ere kasu apur bat egingo diela. Eskuin muturraren aurkako osasun-hesia ez da oso sendoa izan.
Fronte Popularra sutan dago, eta mobilizazioekin hasi dira. Frantsesen % 75ek uste du Barnieren izendapena ez dela bidezkoa izan. Alderdi sozialista, behintzat, tinko mantendu da, eta Macronek ez du lortu sozialisten parte bat erakartzea Fronte Popularra ahultzeko. Uste dut hori dela kontu honetan guztian albiste on bakarra. Gero eta gutxiagorekin konformatzen gara.
Urte korapilatsua izango dute Frantzian. Ezkerrak etsipenaren kontra borrokatu beharko du, osasun-hesiaren faltsukeria salatu, batasunari eutsi... Lan zaila, zutabe honen hasieran dagoen esaldia noizbait gezurtatu nahi baldin bada.